Mendeurreneko ekintzailetza industrial berritzailea
Zuzenean emandako bideoa:
Azaroaren 7an Makina Erremintaren Institutuan 200 lagun inguru bildu da AFM, Debegesa eta IMHren laguntzarekin Elgoibarko Udalak antolatutako ekitaldian, Elgoibarko Makina Erremintaren Mendeurrenari agurra emateko. Euskadiko industriaren etorkizuna izan da gaurko gaia, eta haren inguruan hitz egin dute Juan Ignacio García de Mutiloa Industria Sailburuordea, Guillermo Dorronsoro Deusto Business Schooleko Dekanoa, Jose Luis Larrea Orkrestrako ohorezko Presidentea eta Michael Hauser Suitzako Tornos S.A.ko kontseilari ordezkariek, Pedro Garcia Larraganen gidaritzapean.
Etorkizunaren inguruko zertzeladak eman ondoren, Alfredo Etxeberria Elgoibarko Alkateak hartu du hitza, Asmaola proiektuaren sorrera gogoratu eta Asmaola+ Lehiaketaren saria banatzeko. Azkenik, alkateak eskertu egin ditu mendeurreneko eta lehiaketako enpresa eta erakunde babesleak, eta baita jardunaldira bertaratutakoak ere.
Asmaola+ Gazteentzako enpresa industrialen ideia lehiaketaren 1. edizioko irabazlea Asier Lizarralde Arrillagak proposatutako "Zuhaitzak inausteko makina automatiko aurreratua" proiektua izan da.
Epaimahaiak batez ere ideiaren berrikuntza maila baloratu du. 6 metrotik gora dauden adarrak inausteko beharrari erantzun originala proposatzen du, gaur egun merkatuan dagoenarekin diferentzial garbia markatuz.
Asmaola+ lehiaketaren Saritua
Asier Lizarralde Arrillaga 24 urteko elgoibartarrak Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko Goi-Mailako Heziketa Zikloa ikasi zuen Makina Erremintaren Institutuan, 2008-2010 urteetan. Ondoren Arkitektura teknikoko Gradua egin du Donostiako Eskola Politeknikoan, 2010-2014 urteetan. Graduaren azken urtean, Asmaola+ lehiaketan aurkeztu du proposamena. Egun Ibarmian, makina erremintaren sektoreko enpresa batean, dihardu lanean.
Beste sektoreekin alderatuz enpresa berri industriala abiatzeak baditu hainbat zailtasun: azpiegitura garestiak behar dituzte abiatzen diren momentutik
Asier Lizarralde Arrillagak 2.500€ jaso ditu eskudirutan, 40 prestakuntza ordu, bere beharren arabera, 100 aholkularitza ordu enpresa proiektua garatzeko eta 300 ordu beharrezkoak diren baliabide industrialak erabiltzeko (makinak, ...).
Bi sari aurreikusita zeuden, ideia onena eta lanbide heziketako ikasleak aurkeztutako ideia onena. Ideia onena lanbide heziketako ikasle batek aurkeztu duenez, sari bakarra ema da (sariak ez dira metatzen).
ASMAOLA+ Lehiaketaren helburua da gazteen artean izaera industriala duten enpresa proiektuen garapena sustatzea. Lehiaketa Asmaola+ lanbide heziketako ikastetxeen sareak antolatu du, Elgoibarko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta Danobat Group Koop. E., Alcorta Forging Group S.A., Grupo Schaeffler, Grupo Egile, Grupo Maherholding eta Ferretería Unceta S.A. enpresen babesarekin.
Oinarrian, ekintzailetasun industrialaren eremuan kokatuz, lehiaketa honek Euskal Herrian errotutako beste ekintza on batzuk osatzera dator. Beste sektoreekin alderatuz enpresa berri industriala abiatzeak baditu hainbat zailtasun: azpiegitura garestiak behar dituzte abiatzen diren momentutik (makinak batik bat); ondorioz, mota honetako proiektuen kopurua txikiagoa da. Bestalde, Elgoibarko Udalak lehiaketa babestu du makina erremintaren mendeurreneko ekintzetara gehituz, lantzen dituen ildoekin bat baitator: sektore industriala eta ekintzailetasuna.