ERIS, punta-puntako softwarea IMHren eskura

2021/02/05 12:15:00 GMT+1
Industria 4.0 eraldaketaren bidetik IMH Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren Campusak ZITU enpresarekin elkarlana sinatu du.

IKUSI ARGAZKIAK...


Industria 4.0 eraldaketaren bidetik IMH Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren Campusak ZITU enpresarekin elkarlana sinatu du. Sinaduran parte hartu dute IMHko Ixaka Egurbide eta Josu Torrealdea zuzendariak eta ZITUren aldetik Iñaki Ugarteburu CEO eta Ivan Mateos zuzendari komertzialak.

Neurrira egindako soluzio informatikoak eskaintzen ditu ZITUk. Bere proiektu berrienetako bat da ERIS, berrikuntza eta kalitatea eskaintzen dituen mekanizatu tailerren digitalizaziora zuzenduta dagoen punta-puntako softwarea. IMH Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren Campusarekin abian jarritako elkarlanaren bidean, ERIS sofwarea IMHko Lantegi Digitaleko eta Additive Village-ko makinetan instalatzen ari gara.



Honela, IMHko instalazioei esker, sektoreko enpresek ERISaren bidez mekanizazioko tailerren digitalizazioaren ezaugarri, garrantzia zein abantailak ezagutzeko aukera izango dute. ERISek datuak jaso eta horiek aukera bihurtzeko bidea eskaintzen du, orain arteko egiteko moduak eraldatu eta aurrerapauso nabarmena eginez makinen OEEa hobetzeko bidean. IMHren datu bilketa eta horien erabilerarako aukerak nabarmen berritu eta hobetuko ditu.

IMHren bidez, aldiz, ikasleek ERIS gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Gainera, fabrikazio prozesuen inguruko kontzeptuak barneratu ahal izango dituzte: prozesuen digitalizazioa, fabrikazio aginduen planifikazioa, mantenu prediktiboa, produkzioaren kudeaketa, kalitatea, erreminten kontrola, produkzio galeren kausak identifikatzearen garrantzia, eta abar.

ERIS merkaturatu denetik, hainbat mekanizazioko enpresa ari dira euren laneko prozesuen datuak modu eraginkorragoan lortzen eta lantzen. Honi esker, kudeaketan eta emaitzetan hobekuntza nabarmenak lortzen ari dira. ZITUk eta IMHk abian duten elkarlanarekin, ezagutza hori guztia enpresa eta ikasleekin partekatzeko bidean sakonduko dute hainbat jardueren bidez.