AFMren ustez makina erremintarentzat 2015 urte egonkorra izango da

2015/04/16 23:00:00 GMT+1
Eskaerak % 39 hazi dira 2015eko lehen hiruhilekoan. Aurten, Espainiako Estatuan Renove Plana martxan jarriko dutela eta, itxaropentsu agertu dira AFMko ordezkariak.

Advanced Manufacturing Technologies (AFM) ekoizleen elkarteak prentsaurrekoa eman du 2014ko balantzea egin eta 2015erako aurreikuspenak aurkezteko.

Iaz baino hobeto hasi du urtea makina-erreminta sektoreak. Martxora arteko datuek diote %39,4 hazi direla eskaerak. Kopuruari berari ez dio garrantzi handirik ematen AFM elkarteak, kontuan hartu behar baita oso motel hasi zela 2014a, baina gutxienez erakusten du urte amaieran hasitako hobekuntza joerak jarraipena duela. «Hazkundea txikia izanik ere, aurtengoa 2014ko zifretatik gora hazi gaitezkeen egonkortasun urtea izan daiteke», esan du Antxon Lopez Usos presidenteak. Juncker planak, dolarrak euroarekiko duen sendotasunak eta petrolioaren bilakaerak aukera berriak zabal ditzaketela uste du.

Orotara, iaz 1.367 milioi euro fakturatu zituzten sektoreko enpresek, 2013an baino %3,2 gutxiago. Makina-erremintak —makina hutsak—, osagaiak, gehigarriak, zerbitzuak eta erremintak egiten dituzten enpresak batzen ditu AFMk. Batez besteko jaitsiera hori makina-erreminta hutsaren barruko deformazio produktuek eragin dute, %19,6 apaldu baitira haien salmentak. «Zaila, laua, trantsiziozkoa eta ziurtasun falta nabarmenekoa». Hitz horiek erabili ditu AFMk 2014a deskribatzeko.

Azken hiruzpalau hilabeteei esker salbatu zen urtea. Daturik onena da eskaerek %2,1 egin zutela gora; izan ere, fakturazioa ez ezik, esportazioak ere %7,4 murriztu ziren. Jaitsiera hori gorabehera, historiako urterik onenetan bigarrena izan zen kanpoko salmentetan. Ekoizpenaren %80 esportatzen dute AFMko enpresek. Txina (%19,9), Alemania (%11,2) eta AEBak (%7) dira merkatu nagusiak, baina aldatzen ari da egoera. Moteldu egin dira Asiako esportazioak —Txina eta Indiakoak, kasurako—, eta Alemaniak ere ez du lehen adina tira egiten. Aitzitik, AEBetako esportazioak %40 handitu dira. Eskaera berrietan ere ikusten da joera aldaketa. Bigarren urtez jarraian, Hego Euskal Herritik bertatik eta Espainiatik datoz gehienak, eta zerrendan hurrenak AEBak, Alemania eta Txina dira. «Barne kontsumoak %39ko hazkunde itxaropentsua erakusten du makinetan, nahiz eta hobekuntza hori ez doan beharrezko erritmoan». Jaitsiera izugarri baten ostean, barne merkatua susperraldiaren erdibidean dagoela uste du AFM.

4.0 iraultzaren aurrean

Elkarteak txalotu egin ditu Eusko Jaurlaritzak azken urteotan makinak berritzeko indarrean jarritako laguntza planak. 40 milioi euroren laguntzek 400 milioi euroren inbertsioak ekarri dituztela dio. Espainiako Gobernuko ordezkariekin bildu dira AFMkoak, eta uste dute aurten posible izango dela Espainian ere halako laguntzak planak indarrean jartzea. «Inoiz baino informazio ziurragoa dugu».

Etorkizuneko erronkei dagokienez, «4.0 industria iraultzaren ondorioei» aurre egitea da lehentasuna AFMrentzat. Horretarako, lankidetza aktiboa nahi du Gaia klusterrarekin. 7.050 lagunek egiten dute lan AFMk biltzen dituen enpresetan, eta zeharka beste hainbesteri ematen diete lana.

Urteko batzarra

AFMk gaur egin du urteko batzarra eta Fabrikazio Gehigarrien inguruko hitzaldien ondoren, Rafael Barrenetxeak jaso du urrezko intsignia, sektoreari egindako ekarpenagatik egin zaion omenaldian.

(Iturria: Berria eta eitb)