TKgune Fabrikazioa Enpresa industrialen ideia lehiaketaren 3. edizioa martxan da

2016/05/01 23:00:00 GMT+1
Euskal erkidegoko gazteek aukera izango dute ekainaren 13 arte ideiak aurkezteko.

 

  • Izaera industrialeko lehiaketak bi sari aurreikusi ditu; Enpresa industrial ideia onenari eta Euskadiko Lanbide Heziketako ikasle edo ikasle ohiak aurkeztutako enpresa industrial ideia onenari.

  • Lehiaketa honek laguntza bereziak ematen ditu, hala nola azpiegitura industrialaren lagapena eta hauek erabiltzeko aditua, ideiaren egingarritasuna hobetzeko, ekintzaileen arrisku ekonomikoa murrizteko, finean enpresa industrialen abiatzea errazteko.

  • Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 13an amaituko da. Sartu hemen lehiaketaren oinarriak eta izena emateko inprimakiak eskuratzeko.

TKgune Fabrikazioa Berrikuntza eta Teknologia Transferentziarako Sarea (*) osatzen duten Lanbide Heziketako Ikastetxeek, TKgune Gazteentzako Enpresa Industrialen Ideia Lehiaketaren III Edizioa abiatu dute, Elgoibarko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta Danobat Group Koop. E., Alcorta Forging Group S.A., Grupo Schaeffler, Grupo Unceta, eta Rural Kutxa eta erakundeen babesarekin.

Ekintzailetasun industrialaren eremuan kokatuz, Lehiaketa honek Euskal Herrian errotutako beste ekintza on batzuk osatu nahi ditu. Beste sektoreekin alderatuta ekintzailetasun industrialak baditu hainbat zailtasun; ondorioz, mota honetako proiektuen kopurua txikiagoa da. Azpiegitura garestiak behar ditu abiatzen diren momentutik (makinak batik bat), eta horrek dakarren finantzazioa litzake lehen oztopoetako bat. Testuinguru honetan, ekintzailetasun industriala sustatzeko eta etorkizuneko erronkak era arrakastatsuan lantzen lagunduko duen eremua sortzeko egoki jo da ekimena abiatzea.

Izaera industrialeko sari bi aurreikusi dira; Enpresa Industrial Onenaren sarituak 2.500 € jasoko ditu eskudirutan, 40 prestakuntza ordu sustatzailearen beharren arabera, 100 aholkularitza ordu enpresa proiektua garatzeko eta 300 ordu beharrezkoak diren baliabide industrialak erabiltzeko (makinak, ...). Beste saria, Euskadiko Lanbide Heziketako ikasle edo ikasle ohiak aurkeztutako enpresa industrial ideia onenari emango zaionak 2.000€ jasoko ditu eskudirutan, 40 prestakuntza ordu sustatzailearen beharren arabera, 50 aholkularitza ordu enpresa proiektua garatzeko eta 100 ordu beharrezkoak diren baliabide industrialak erabiltzeko. Sariak ez dira metagarriak izango eta ideia sarituen proiektuak abiatu eta 18 hilabeteren epean egin beharko dira. Sariak udazkenean banatuko dira, aurrerago zehaztuko dugun datan.

(*)TKGUNE FABRIKAZIOA sarea osatzen duten ikastetxeak: IMH (Sareko koordinatzailea), Miguel Altuna, Bidasoa, Somorrostro, Usurbil, Egibide, Elorrieta-Erreka Mari, Txorierri, Oteitza, Lasalle Berrozpe, Goierri, Lea Artibai eta Tolosaldea.