Eskerrik asko Elgoibarko lanbide heziketako aintzindariei, 125 urteurrenean!

2024/09/18 17:30:00 GMT+1
Lehen marrazketa akademiak 125 urtetan bilakaera nabarmena izan du eta Elgoibarko Lanbide Heziketa hezkuntza sistema berritua bihurtu da, industria modernoaren beharretara egokitua eta unibertsitatera zabaldua.

Elgoibarko Lanbide Heziketaren 125. urteurrena ospatzeko, gaur omenaldi hunkigarria egin da Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan eta Aita Agirre Kultur Etxean.

Ekitaldian izan dira Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Elgoibarko alkate guztiak, Lanbide Heziketako ikastetxeetako ordezkariak, Gipuzkoako Foru Aldundiko kideak, eta hezkuntza eta enpresa komunitateko hainbat agintari eta ordezkari.

Ekitaldia Udal Pleno aretoan hasi da. Garazi Ayestak 1899ko akta gogoratu du eta “Elgoibarko Lanbide Heziketaren 125. urteurreneko adierazpena” irakurri du. Ondoren, Mahaikideek sinatu egin dute adierazpena: Maialen Gurrutxaga alkateak, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak, Jose Mari Beristain MEKAko zuzendariak eta Alaitz Bastida IMH Lanbide Heziketako zuzendariak.

Adierazpenean udalerriak hezkuntzarekin eta lanbide heziketarekin duen konpromisoa islatu da. Adierazpen horrek gogora ekarri digu duela 125 urte inauguratu zela Marrazketa Akademia, artisautza-industriako langileen prestakuntza hobetzeko herritarrek eskatuta. Eta urteekin, hezkuntza sistema berritua bihurtu da, industria modernoaren beharretara egokitua eta unibertsitatera zabaldua, 2+3 eskaintza berriarekin.

Ondoren, ekitaldiak Aita Agirre Kulturgunean jarraitu du. Bertan, Elgoibarko Lanbide Heziketaren hastapenak omendu dira, Bernardo Ecenarroren figurak lehen Marrazketa Eskolaren sorreran izan zuen funtsezko papera azpimarratuz. Amadeo Aizpitarte, Lanbide Heziketako Eskola estatu mailako erakunde ofizial bihurtzearen buru izan zena, eta Jesus Rementeria, lanbide heziketako irakasle guztien ordezkari gisa. Ekitaldiaren zati honetan udalerriaren hezkuntza-ibilbidea aitortzeko bi plaka oroigarri erakutsi dira, eta ohorezko aurreskua eskaini da, Elgoibarren prestakuntza teknikoa eta profesionala bultzatu zuten funtsezko pertsonen omenez.

Hitzaldietan, hezkuntza erakundeen eta enpresa sarearen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu da. "Enpresa eta lanbide heziketa bikote bana-ezina da, eta aurrerantzean ere, horrela izan dadin lanean jarraituko dugu, udalaren eta erakundeen laguntzarekin". Elgoibartarren ikuspegia eta determinazioa ere aitortu da, beraien ezagutza lantzeko grina eta ekimena, makina erremintaren sektore indartsua sortu eta saretzeko oinarri izanik. Eta egun, Elgoibar makina-erremintan ez ezik, ezagutzaren, enpresen eta enplegu kualifikatuaren sorkuntzan ere erreferente da. Betiere gizartearen beharrei erantzunez, industrian, osasun zein hezkuntza arloan "Elgoibar, industrian motorra izateaz gain, gai da zerbitzuen sektorean profesionalak prestatzeko".

125 urteko ondarea eta etorkizunarekiko konpromisoa

Ekitaldian sinatutako “Elgoibarko Lanbide Heziketaren 125. urteurreneko adierazpena”k Lanbide Heziketaren garrantzia berresten du, Elgoibarko komunitatean funtsezko zutabea baita. Dokumentuak IMHren eta MEKAren prestakuntza-eskaintzaren hedapena nabarmentzen du, funtsezko sei arlotan: fabrikazio mekanikoa, instalazioa eta mantentze-lanak, ibilgailuen garraioa eta mantentzea, osasuna, administrazioa eta kudeaketa, eta gizarte- eta kultura-zerbitzuak. Espezialitate horiei esker, 1.000 ikaslek baino gehiagok parte har dezakete urtero heziketa-zikloetan eta espezializazioetan. Bestalde, 2.000 pertsonak baino gehiagok jasotzen dituzte enplegurako prestakuntza-programak, eta Elgoibar erreferente da prestakuntzan eta kalitatezko enpleguan.

Ekitaldia amaitzeko, taldeko argazkia egin da, omendu, agintari, lanbide heziketa eta hezkuntza, enpresa eta erakundeetako ordezkariak bertan zirela.

Jardunaldi hau, azken 125 urteetan lortutako lorpenen errekonozimendua izateaz gain, etorkizunera begiratzeko aukera ere izan da, prestakuntzan eta garapen profesionalean erreferente izaten jarraitzeko helburuarekin.

 

Informazio guztia eta argazki bildumak:

www.elgoibar.eus

www.barren.eus

Erreferentziak: