Additive 3D vs. Machining, berrikuntza aplikatuko proiektua fabrikazio aurreratuko prozesuak eta materialak alderatzeko.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuordetzaren babesarekin, Lanbide Heziketako Laudioalde, IMH, Miguel Altuna eta Zulaibar ikasletxeak lankidetzan dihardugu fabrikazio aditiboko eta mekanizazioko teknologiak alderatzeko proiektu berritzailean.
"Additive 3D vs. Machining" izeneko fabrikazio aurreratuaren arloko ikerketa-proiektuaren helburua da funtsezko pieza mekaniko bat sortzeko - biela bat (*) - hiru fabrikazio-teknologia alderatzea.
Helburua: Fabrikazio Aurreratuko Prozesuak eta Materialak alderatzea.
Proiektuak metalezko fabrikazio aditiboko bi prozesu ebaluatzen ditu — Selective Laser Melting (SLM) eta Laser Metal Deposition (LMD) — mekanizazio tradizionalaren aurrean, 5 ardatzeko mekanizazio-zentro batean. Gainera, prozesuetan hiru material mota aztertuko ditugu. Saiakuntza horien bidez, lantaldeak teknologia eta material bakoitzaren abantailak, desabantailak eta mugak zehaztu nahi dituzte, industriarako eta hezkuntza-esparrurako funtsezko datuak emanez.
Prozesua: Alderantzizko Ingeniaritza eta Fabrikazio Optimizatua
Orain arte, erreferentziazko biela bat hautatu eta piezaren eskaneatze xehatua egin dugu. Alderantzizko ingeniaritzaren laguntzarekin, bielaren diseinu optimizatu bat sortu, eta aipatutako hiru prozesuak erabiliz fabrikatuko dugu. Fabrikazio-probak osatu ondoren, lortutako emaitzak aztertuko ditugu, prozesu eta material bakoitzaren kalitatea eta errendimendua ebaluatzeko.
Hezkuntza Lankidetza eta Ikasleen Zeregin Aktiboa
Proiektu honek ikuspegi teknikoa ez ezik, prestakuntzakoa ere badu. IMH Lanbide Heziketako fabrikazio aditiboko espezialitateko ikasleek zeregin aktiboa izango dute proiektu honetan. Bielaren geometria eskaneatu eta optimizatu ondoren, SLM teknologiarekin fabrikatuko dute, eta ondorioak aterako dituzte, beren karrera profesionalerako baliagarriak diren trebetasun praktikoak eta ezagutzak garatuz.
Lanbide-heziketako zentro bakoitzak bere esperientzia eta baliabideak jarriko ditu ikerketa aplikatu honetan. Ikerketa horrek fabrikazioan gaitasun aurreratuak garatzen eta euskal industrian produkzio-praktikak hobetzen lagunduko duela espero dugu.
Horrelako proiektuekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketa berrikuntza eta prestakuntza aurreratuaren erreferente gisa finkatzen da, benetako konponbideak eskainiz eta ikasleen enplegagarritasuna sustatuz eskaera handiko sektore teknologikoetan.
Bielek pedal-kolpe bakoitzaren energia pedalier-ardatzari transmititzen diote, eta ardatzetik gurpilei katearen bidez. Hau da, bielak dira pedalei eragitearen indarra mugimendu bihurtzearen arduradunak. Funtsezkoa da bielen luzera egokia aukeratzea.