Larraitz, heziketa zikloetako skillseko urreari bideo-elkarrizketa
Elgoibarko IMHn (Makina Erremintaren Institutua) dihardu Fabrikazio mekanikoko Produkzioaren programazioko goi mailako heziketa zikloa ikasten, “ikasi eta lan” ereduan. Momentu honetan, 20 urteko neska azkoitiar hau buru-belarri dabil bere irakasleekin batera mundu mailako lanbide heziketako olinpiadetarako prestatzen, CNC fresa espezialitatean lehiatzeko.
Duela hilabete batzuk hasi zen abentura hau, urtarrilean izan ziren erkidego mailako EuskoSkillsekin batera. Kasu honetan, Larraitz IMHn bertan lehiatu zen Euskal Herriko beste 5 gazterekin, eta urrezko domina eskuratu zuen estatu mailako SpainSkillsetarako txartela lortuz.
Apirilean izan zen estatu mailako lehiaketa, eta estatu osoko beste 4 gazterekin batera lehiatu zen IMHko ikaslea Madrilen. Bertan, bere trebezia eta gaitasuna erakutsi zituen berriro ere urrezko domina irabaztean. Eta ez hori bakarrik, SpainSkillsetan parte hartutako ikasle euskaldun onenaren saria ere bereganatu zuen.
Hurrengo hitzordua urrian izango da Londresen, eta bertan mundu osoko lanbide heziketako ikasleak elkartuko dira WorldSkills lehiaketako final nagusian.
Larraitzez gain, IMHn Industri ekipoen mantenimendua ikasten diharduten Ekaitz Ibarluzea eta Asier Iraetak ere hartu zuten parte SpainSkillsetan polimekanika espezialitatean. Asierrek zilarrezko domina eskuratu zuen, eta beraz Europa mailako EuroSkillsetan parte hartzeko aukera izango du Belgikan 2012ko urrian.
Ondorengo bideoan Larraitz Urangak eta bere tutore den Aitor Ansolari eginiko elkarrizketa ikusi ahal izango duzue.