BERREKIN Fabrikazio Aurreratuaren proiektuko emaitzak

2024/05/22 17:38:00 GMT+1
BERREKIN proiektua Adimen Artifizialean oinarritutako euskarazko eta gaztelaniazko laguntzaile digital elebidun baten garapenarekin amaitu da. Laguntzaileak CNC Fagor 8065 programazioko eta IKASMAK 5.1 makina martxan jartzeko zalantzak argitzen ditu.
Vicomtechek koordinatutako BERREKIN proiektuan, lantegiko operadoreei laguntzeko laguntzaile bat garatu da, CNC kodeari, elkarrizketa-zikloei eta mekanizazio-eragiketen simulazioari buruzko galdera zehatzei erantzuteko, eta ikaslea makinaren aurrean gidatzeko.
 
IMH Campusek galdera-erantzunen eta makina-gidaritzako prozeduren corpus bat sortu du, gaztelaniaz zein euskaraz, FAGOR zenbakizko kontrol eta manualetan oinarritua.
 
Laguntzailea simulagailuan eta makinan baliozkotu da IMH Campuseko hainbat ikasturtetako ikasleekin: fabrikazioko erdi- eta goi-mailako lanbide heziketako ikasleekin, eta Berrikuntzako Ingeniaritza Dualeko bigarren mailako ikasleekin.
 
BERREKIN proiektuaren garapena
Vicomtechek koordinatutako eta hainbat zentro teknologikok eta unibertsitatek osatutako partzuergo batek laguntzaile digital bat ikertu eta garatu du, industria-ekoizpeneko operadoreen eta makinen arteko hizkuntza naturaleko interakzio-interfazeen inplementazioa errazteko helburuarekin.
Dagoen dokumentazio eta informazio teknikotik abiatuta eta adimen artifizialeko teknologia aurreratuenekin, BERREKINen laguntzaile digitalaren prototipo bat garatu da, euskaraz zein gaztelaniaz, fabrikazio industrialeko inguruneetan langileei laguntzeko. Prototipo hori erabil daiteke bai trebakuntzarako bai in situ laguntza operatiborako; ordenagailu bidezko Zenbakizko Kontroleko (CNC) programazioarekin lotuta, fresatzeko makinetan piezak fabrikatzeko. Horrez gain, laguntzaileak informazio osoa erakusten du pantailan, eta testuaren zein ahotsaren bidezko interakzioa ahalbidetzen du. Laguntzaileak langileei laguntzeko gaitasuna du, fabrikazio-prozesuaren alderdi zehatzei buruzko galderei erantzunak emanez, hala nola programazio-komando batzuen esanahiari buruzkoak.
Gainera, urratsez urrats gida ditzake hainbat prozeduraren bidez; adibidez, programa bat simulatuz. Elkarrizketa-laguntzailea fresatzeko makinen eskuliburuetatik ateratako informazioarekin elikatu eta entrenatu da, eta aditu teknikoek aldez aurretik emandako ezagutzarekin. Morroiaren erabilgarritasuna ebaluatzeko inplementatutako erabileraren kasuan, pieza bat fabrikatu da fresatzeko makinaren zenbakizko kontroleko hainbat parametro eta komando erabilita.
Pieza bat fabrikatzeko prozesuak hainbat fase ditu: haren planoa ulertzea, mekanizazio-prozedura definitzea, eta pieza eraikitzeko CNC programa inplementatzea, simulatzea eta gauzatzea. Garatutako laguntzaileak prozesu osoan laguntzen dio langileari, eta fase bakoitzean egon daitezkeen zalantzak argitzeko beharrezko informazioa eta ezagutza ematen dio. Funtsezko osagaia da, eta industria-eremuan pertsonengan oinarritutako ikuspegia indartzen laguntzen du.
BERREKINen ezaugarri berritzaileetako bat laguntzaile digitala hobetzeko aukera da. Erantzunak egokiak ez badira, laguntzaileak "dislike" aukera ematen du eta datuak biltzen ditu, industriako profesionalek aurrez ezarritako erantzunak hobetu ahal izan ditzaten.
BERREKIN proiektua lantzean, bazkide bakoitzak rol desberdinak bete ditu. Vicomtech izan da proiektuaren koordinatzailea, eta UPV/EHUrekin eta Teknikerrekin batera, elkarrizketa-sistemen eta galdera-erantzun sistemen ikaskuntza inkrementaleko teknikak edo QA (ingelesetik, Question Answering) ikertu eta garatu dituzte. Teknika horiek interfazeekin batera garatu dira. Interfaze horiei esker, langilea zirkuituan sar daiteke, fabrikazio industrialeko inguruneetan elkarrizketa-laguntzaileak egokitu, pertsonalizatu eta ezagutzaz hornitzeko. Bestalde, Ikorrek eta Vicomtechek "Langilea Zirkuituan" paradigmaren aplikazioa ikertu dute pertsonaren eta makinaren arteko elkarrizketa interakzio horietarako konputazio banatuko inguruneetan edo Edge Computing. Proiektuaren beste alderdi garrantzitsu bat euskararako baliabideen bilduma izan da, eta honi lotuta IMH Campusek eta UZEIk lan egin dute, eta "Zirkuituko langilea" rekin hizkuntza horretan ere elkarrizketa-laguntzaile baten prototipoa ezartzea ahalbidetu dute. Proiektua amaitutzat emateko, IMH Campuseko ikasleek baliozkotu dute.
  • · Proiektu hau SPRIk finantzatu du Elkartek Programaren esparruan, ZTBESko eragileek RIS3 Euskadi arlo estrategikoetan egindako lankidetzazko ikerketa babestuz.