Digitalizazio industriala, protagonisten ahotik
Prentsa oharra
- IMHk eta Ikusik lehen Industrial IoT Meeting jardunaldia egin dute,eta industria-digitalizazioko kasu arrakastatsuak aurkeztu dituzte, Biele eta Aingura IIoT bezalako proiektuak, kasu.
- Topaketaren barne, IMHk eta Ikusik IIoT Gaitasun Zentroa aurkeztu dute, digitalizazio industrialeko prestakuntza-zentro berria. Urtero 200 profesional inguru prestatuko ditu.
- Bileran parte hartu dute Jon Gurrutxaga, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako eta Internazionalizazioko zuzendariak, Fernando Asenjo Ikusiko zuzendari komertzialak eta Ixaka Egurbide IMHko zuzendari kudeatzaileak, besteak beste.
Elgoibar. 2021eko urriak 22. Industriaren eraldaketa digitala beharrezkoa bezain erreala da gaur egun. Enpresek badakite etorkizuneko lehiakortasunari eta errentagarritasunari eustea beren produktuen eta prozesuen digitalizazioarekin lotu behar dela. Izan ere, gero eta gehiago dira digitalizazio industrialaren alde egin duten enpresen adibideak, eta horretarako profesional kualifikatuak behar dituzte.
Hala adierazi dute IMHk eta Ikusik antolatutako lehen Industrial IoT Meeting-ean.
IMHk Elgoibarren duen egoitza nagusian izan da hitzordua, eta digitalizazio industrialaren erronkei eta aukerei heldu diete, hainbat enpresaren arrakasta-kasuak ezagutaraziz. Gainera, IMH eta Ikusiren digitalizazio industrialeko prestakuntza-zentro berria ere aurkeztu dute. IIoT Gaitasun Zentroa IMHko ikasleak eta industria-enpresetako profesionalak IIoT teknologietan trebatzeko eta espezializatzeko helburuarekin sortu da, enpresek digitalizazio-prozesuetan dituzten erronkei erantzuteko.
Jardunaldia Jon Gurrutxaga, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako eta Internazionalizazioko zuzendariak inauguratu du. Bertan izan dira Xabier Ortueta, AFM Clusterreko zuzendari nagusia,eta Fernando Asenjo, Ikusiko zuzendari komertziala, Ixaka Egurbide, IMHko zuzendari gerentearekin batera.
Digitalizazio industriala, lehen pertsonan
Lehen Industrial IoT Meeting-ek enpresen arteko topagune gisa balio izan du eraldaketa digitalean izandako esperientziak partekatzeko, eta proiektu berritzaileen eta IIoT plataformen bidez beren prozesu industrialak nola digitalizatu dituzten kontatu dute.
Ikusi enpresako Olatz Iriondok Thingworx plataforma aurkeztu du. PTC multinazionalak garatutako tresna berritzailea da, eta Adimen Artifiziala erabiltzen du fabrikazio prozesuak hobetzeko. Thingworxek aukera ematen du benetako ingurune batean probak egiteko eta, horri esker, proiektu pilotuak enpresentzako soluzio zehatz bihur daitezke.
Horrez gain, Iriondok Ikusik Biele Group enpresarekin batera garatutako proiektua azaldu du. Bertan, hilabete gutxiren buruan ETE industrial bat digitalizatzea posible dela frogatu duen software bat ezarri dute. Software berriak Biele Groupen produkzio-lineak monitorizatzen ditu, horien egoerari buruzko informazio puntuala emanez eta, horrela, bezeroen prozesuak eta geldialdien programazioa optimizatuz. Hala, enpresak aldez aurretik jakin dezake noiz edo zein puntutan izango diren beharrezkoak.
Era berean, Rafael Ibeas Aingura IIoT enpresako kontseilari delegatuak ere parte hartu du. INZU Taldeko enpresak industriarako abangoardiako IIoT irtenbideak diseinatu eta garatzen ditu. Ibeasek Egde4FoF proiektuaren berri eman du, makina erremintaren enpresa fabrikatzaile, mantentzaile eta erabiltzaileei zuzendua, makinak eta prozesuak sortzen dituzten datu-bolumen izugarrien analisia lortzeko helburuarekin. Alde batetik, fabrikatzaileei aukera emango die beren produktuen diseinua hobetzeko, bezeroak erosi ondoren martxan dituzten makinen datuak dauzkatelako; beste alde batetik, aukera emango die makina horiek erabiltzen eta mantentzen dituzten enpresek anomaliak eta akatsak aurreikusteko. Proiektua Etxetarrek zuzentzen du, eta Aingura IIoT, Ikusi, IMH, Fagor Automation, Gaindu, Titanium eta AFM Makina Erremintaren Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak parte hartzen dute.
Digitalizazio industrialeko prestakuntzarako zentro berria
Topaketan zehar IIoT Gaitasun Zentroa ere aurkeztu dute, IMHk eta Ikusik elkarrekin bultzatzen dutena. Ixaka Egurbidek, IMHko zuzendari kudeatzaileak, IMHko Elgoibarko Fabrika Digitaleko instalazioetan kokatuko den proiektu berri honen xehetasun guztiak eman ditu.
IMHko ikasleei eta industria-enpresei zuzenduta dago, IIoTaren (Gauzen Internet industriala) esparruan beren prestakuntza garatu ahal izan dezaten; aldi berean, beren digitalizazio eta berrikuntza-prozesuetan aurrera egin nahi duten enpresentzako trebakuntzarako balioko du.
Horrela, IIoT Gaitasun Zentro berriak profesionalak prestatuko ditu teknologia horiek makinetan aplikatzeko, eta enpresetako produkzio-prozesuen hobekuntza bultzatuko du. Enpresek azterketa praktikoak egin ahal izango dituzte benetako industria-ingurune batean eta, horri esker, haien digitalizazioan segurtasunez aurrera egin ahal izango dute, tresna digital horien aplikazioarekin lor ditzaketen onurak uneoro egiaztatuz.
Bestalde, zentroak eragin zuzena izango du IMHko Ingeniaritza Dualeko, Fabrikazio Digitaleko Masterreko, Datuen Analitikako eta Fabrikazio Aditiboko Espezializazio-ondoko ikasleen prestakuntzan, Lanbide Heziketako eta Etengabeko Prestakuntzako ikasleekin batera. Guztira, zentroak urtero 200 profesional baino gehiago prestatzea aurreikusten dute.
IMHri buruz
IMH erreferentziazko prestakuntza-zentroa da Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren esparruan, enpresek eta pertsonek behar dituzten gaitasunen ikaskuntzarako: prestakuntza-eskaintza 2.200 ikasle baino gehiagorengana iristen da urtero.
Ikusiri buruz
Ikusi, Velatiaren enpresa, digitalizazioan eta zibersegurtasunean espezializatutako zerbitzu teknologikoen enpresa da. Ikusi, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan (IKT) aditua den enpresa denez, teknologia aplikatzen du informazioa modu seguruan konektatzeko, prozesatzeko eta kudeatzeko, eta negozio-prozesu kritikoak lotzeko eta sortutako informazioa ustiatzeko gai da (eragiketen soluzioak). Horrela, komunikazio-sareei, zibersegurtasunari, industria-prozesuen digitalizazioari eta garraio-azpiegituren eragiketari zuzendutako zerbitzuak eta irtenbideak eskaintzen ditu. Mexikon, Espainian, Kolonbian, Txilen eta Perun du presentzia, eta kualifikazio handiko 700 langile baino gehiago ditu.
Egitaraua
IMH-Ikusi hitzarmena