Pribatutasun Ezarpenak: Aplikazioak eta web-guneak
Definitu dezakegu zein informazio konpartitzen dugun Facebooken aplikazioak erabiltzen ditugunean. Aplikazioei buruzko gai guztia aurrerago ikusiko dugu. Aplikazioak programa txikiak dira, Facebookeko jendeak edota kanpoko garatzaileek garatutakoak, eta plataformari funtzio gehiago ematen dizkiote.
Horma, Argazkiak, Estekak,... profilarekin lehenetsi gisa datozen aplikazioak dira. Aplikazio asko daude, batzuk lagunek gonbidatzen gaituztenean ezagutuko ditugu, beste batzuk funtzio zehatz bat lortu nahi dugunean topatuko ditugu.
Zer partekatzen duzu
Bidaltzen diguten aplikazioren bat erabiltzen dugunean, konturatu eta jakin gabe informazioa konpartitzen egon gaitezke. Kontua: Aplikazioen ezarpenak atalean (aurrerago) ikusiko dugu zein aplikaziori eman diogun gure datuak erabiltzeko baimena.
Zure lagunek zuri buruz zer parteka dezakete
Aplikazioak (jokoak, urtebetetzeko egutegiak,...) erabiltzen dituzten lagunak badauzkagu, lagun horiek guri buruzko informazioa daukate, eta ez badugu murrizten, aplikazioek ere ikusiko lituzkete nire datuak (gogoratu aplikazioek zure informazio publikoa ikus dezaketela, hau da, izena, profilaren argazkia, sexua, gaur egungo herria, sareak, lagunen zerrenda eta orrialdeak), baita pribatutasun hobespenetan "Guztiei" ireki diezun informazioa ere.
Adibidea: Luis gure laguna da. Nire jaiotze eguna jarrita daukat Facebookeko profilean, eta jarri dut Lagunentzat bakarrik ikusgai egoteko. Luis nire informazio orrialdera joaten bada, ikusiko du noiz jaio nintzen. Honaino, dena ondo. Orain Luisek Urtebetetze egutegi aplikazio bat jaitsi eta instalatzen du. Aplikazio horrek, guk baimenik eman gabe, gure jaiotze data badaki (Luisen lagunak garelako). Ez badugu nahi horrela izatea, hemen jarri behar dugu.
Hemen daukagu guri buruzko zein datu eman ahal dieten aplikazio eta webguneei gure lagunek.
Blokeatutako aplikazioak
Hemen ikusiko genuke zein aplikazio blokeatu dugun, guri buruzko daturik ez ateratzeko. Kontuan eduki behar dugu, aplikazio bat blokeatu badugu, gure profilarekin ez dela ondo ibiliko.
Aplikazio gonbidapenak baztertu
Lagunen bat egon daiteke guri aplikazioak erabiltzeko gonbidapenak etengabe bidaltzen (pixka bat astuna baldin bada). Aukera honen bidez agindu dezakegu lagun horren aplikazio gonbidapenak zuzenean ez ikusteko.
Aplikazio eta jokoen tresna-taulako jarduna
Hurrengo ataletan gure jarduera nork ikusten duen kontrolatu dezakegu: "gure lagunen jarduera berriak", "gure lagunen aplikazioak" eta "gure lagunen jokoak".