Aldaketak langile eta langabetuentzat IMHk antolatutako ikastaro berrietan
Langile eta langabetuen ikastaroen 2012ko katalogoa
Eusko Jaurlaritzak landutako aldaketen ondorioz, Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuak egokitu egin du bere enplegurako prestakuntza eskaintza, profesionaltasun ziurtagirien sistema berrian oinarrituta.
IMHk 2012ko 1. seihilabeteko enplegurako prestakuntzaren programazioan guztira 113 ikastaro eskainiko ditu. Hauetatik 45 profesionaltasun ziurtagirien sistemaren arabera antolatu dira, guzti hauek %100ean diruz lagunduta (erakunde laguntzaileak LANBIDE eta HOBETUZ ditugu).
Profesionaltasun ziurtagiria dokumentu ofiziala izango da, estatu mailan balioko duena, eta lanbide-prestakuntza bat egiaztatuko du. Dokumentu hori duten pertsonek lanbide-prestakuntza horren jarduerak egiteko gai direla ziurtatuko du. Honela, titulu gabeko pertsonek beste aukera bat izango dute lana bilatzeko edo eta dutena bermatzeko, ikastaro hauek ofizialki aitortuko baitute beraien gaitasuna.
Profesionaltasun ziurtagiriez gain, IMHk enpresen beharrei erantzuten dien berariazko ikastaroak ere programatu ditu, aurreko urteetan bezala.
Hauez gain, urtarrilaren 30ean hasiko diren bi ikastaro antolatu dira bereziki langabetuentzat eta %100 diruz lagunduta. Bata Sektore Eolikoarentzat Mekanizazioko Ikastaroa da (hau ikasi ahal izateko mekanizazioko goi edo erdi-mailako heziketa zikloko titutuluduna izan behar da), eta bestea Ekipo Elektromekanikoen Mantentze eta Konponketa Ikastaroa, jualifikazio gabeko langabetu eta 30 urtetik beherakoentzat ( ikastaro biak enpresetan praktikak egiteko aukerarekin).
Informazio gehiago IMH hemen edo 943744132 telefonoan.