Elgoibarko Makina Erremintaren Mendeurreneko programazioa
Elgoibarko Udalak gure herriko makina-erremintaren mendeurrena omentzeko prestatu den programa aurkeztu du joan den apirilaren 15ean. Alfredo Etxeberria alkateak aditzera eman duenaren arabera, prestatutako programaren xedea da “gure historiaren oinarri eta sustatzaile diren pertsonei omenaldia eta errekonozimendua egitea”.
Urte bukaerara arte luzatuko den programa hau aurkezteko egin zen ekitaldian alkateak ez ezik, Makina-Erreminta Museoaren lehendakari Rafa Barrenetxeak, Makina-Erremintako Fabrikatzaileen Espainako Elkarteko (AFM) zuzendari nagusi Xabier Ortuetak, Debegesa garapen agentziako gerente Juan Angel Balbasek eta gure herriko historialaria den Pello Arrietak ere parte hartu zuten.
Denak ala denak ere bat etorri ziren elgoibartarrek “mende bateko eraldaketa jarraituaren historia” idazteko izan duten garrantzia azpimarratzerako orduan.
Ildo horretatik, Juan Angel Balbasek aipatu zuen “zuzenean edo zeharka, 6.000 pertsona baino gehiagori lana emateaz gain, Makina-Erreminta berezko produktua dela Debabarrena eskualdearentzat; internazionalizazioa eta prestakuntza ekarri dituela; eta batik bat, makina-erremintak lankidetza, dedikazioa, interesa, esfortzua eta konpromisoa bezalako gizarte-balioak ematen dizkiela pertsonei, eta horiek ezinbestekoak izan direla sektoreak ehun urte bete, eta eskualde honek zazpi mendeko industria tradizioa izan dezan”.
Nolanahi ere, Elgoibarko Makina-Erremintaren mendeurrenaren historia gogorarazteko programa apirilaren 22an jarri da abian, Kultur Etxean inauguratuko den “Burdinazko Arima” erakusketarekin. Erakusketa hori maiatzaren 3ra arte egongo da ikusgai, eta bertan, Fernando Callejaren hamalau koadro ikusi ahal izango dira.
Beste alde batetik, hil honen 29an, herritarrek Jesus Mari Astigarragak zuzenduko duen hitzaldi batera joateko aukera izango dute (18:00etan, Musika Eskolako auditorioan). Danobateko presidente ohiak Elgoibarko industriaren hurbileko historiaz hitz egingo du. Hitzaldi honetan Estarta y Ecenarro, Goratu, Etxe-Tar, Danobat eta Industrias Puigjainerreko ordezkariek parte hartuko dute.
Apirilaren 30ean, Bolatokiko parkean eta Giza Eskubideen parkean jarrita dagoen antzinako makinen erakusketa inauguratu zen. Era berean, hiru ibilbide turistiko bitxi jarriko dira abian, garai hartako eraikin zibilak, eraikin erlijiosoak eta Elgoibarko Makina-Erremintako enpresak sortu zireneko lekuak zeintzuk ziren jakin ahal izateko.
Gainera, datozen hilabeteotan, beste hainbat ekimen burutuko dira, esaterako, hitzaldiak, ekintzailetzari eta berrikuntzari buruzko lehiaketa (Asmaola+ Enpresa Industrialen Ideia lehiaketa) edo Aitor Nova elgoibartarraren gidaritzapean sortu den musika-piezaren aurkezpena. Novak pieza hau sortu du Makina-Erremintaren Museoan, makinak jardunean dauden bitartean, eskaintzeko.
Udalak, bestalde, gure herriko industriaren historiari buruzko dokumentala prestatu nahi du. Era berean, mendeurreneko programaren karietara, Makina-Erremintari eta gure herriko industriari buruzko hainbat artikulu argitaratuko dira udal aldizkariaren apirileko, maiatzeko eta ekaineko aleetan. Artikulu horiek Pello Arrietak eginak dira, gure herriko historiarekiko eta industriarekiko zaletasuna duten herritar batzuekin elkarlanean.
- Elgoibarko Makina Erremintaren Historiazaleekin egindako erreportaia "mende bat makina erremintan" (www.elgoibarren.net)
- Asmaola+ Enpresa Industrialen Ideia lehiaketa
- Makina-Erremintari eta gure herriko industriari buruzko apirileko artikulua
- Informazio gehiago www.elgoibar.org eta www.elgoibarren.net