Elgoibarko Udalak eta IMHk urteroko hitzarmena sinatu dute euskararen sustapenerako

2017/04/24 23:00:00 GMT+1
Helburuak dira IMHn euskararen erabilera sustatzea, Makina-Erreminta sektorean eragitea, eta ikasleek lantokiko praktikak eta Duala euskaraz egin ditzaten urratsak ematea enpresetan.

2017ko apirilaren 24an Udalak Elgoibarko ikastetxeekin sinatu ditu hitzarmenak. IMHrekin sinatutako hitzarmenari esker Elgoibarko Udalak IMHri 2017rako 6.000 euro emango dizkio, Goazen proiektuaren jarduera finantzatzen laguntzeko, kontzeptu hauetan banatuta:

Ikusi hemen Euskara planaren 2016ko jardueren memoria
  • Elgoibarko IMH Fundazioaren “Goazen” euskara-planerako 3.500 €.
  • Lantokietan praktikak euskaraz sustatzeko egitasmorako 2.500 €.


IMHren euskara planak hiru helburu nagusi ditu:

  • IMHn euskararen erabilera sustatzea.
  • Makina-Erreminta sektorean eragitea, euskararen erabilera sustatzeko urratsak emanez.
  • Ikasleek lantokiko praktikak eta Duala euskaraz egin ditzaten urratsak ematea enpresetan.

 

2003tik hona euskara proiektuan egindako lanari esker euskararen presentzia IMHko prestakuntza eta zerbitzu guztietan nabaria da eta bermatuta dago, heziketa ziklo, ingeniaritza duala, prestakuntza iraunkorra, giza baliabideen aholkularitza eta ETEentzako berrikuntza zerbitzuen negozio unitatean besteak beste, bakoitza bere mailan.

Ahalegin hau erakundeen laguntza eta elkarlanari esker izan da, hasieratik Elgoibarko Udalak urtero laguntzen baitu Goazen plana. Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere lagundu izan dute egitasmoa.

IMHk barne erabilera sustatzeaz gain, kanpora begira eragile lanak egiten ditu, enpresa zein erakundeekin elkarlanean traktore izateko eta hauetan euskararen erabilera sustatzeko ahaleginetan ere.

2016 urtea estrategikoki garrantzitsua

2016 urtea estrategikoki garrantzitsua izan da IMHrentzat, zuzendaritzaren aldaketa eman baita irailetik aurrera. Euskara planak urte hasieran finkatutako helburuak bete ditu eta zuzendaritza berriak bere abiatzean euskararen inguruan 2017rako estrategia hausnartzeko konpromisoa hartu du. Esan beharra dago zuzendaritza berria euskalduna eta euskaltzalea dela eta alderdi honek euskararen erabileran aurrera egiten lagunduko gaituela.

Goazen planaren datuak (2016an):
2016 urtean Goazen planari esker hainbat ekintza burutu dira IMHn. Hona hemen aipatzekoak:

  • 25 Urteurrenaren inguruan Asmaola eraikin berriaren inaugurazioa egin dugu, euskararen presentzia lehenetsiz;
  • 30+10 mintegiari ziklo berri baten jarraikortasuna eman diogula eta HIZKELAN izenarekin hasi du bide berria LANEKIri lekukoa emanaz.
  • Langabeen prestakuntzaren atalean fokoa sartu dugu eta euskararen lehen urratsak abiatu ditugu ELGOIBARKO UDALAren laguntzarekin EUSKARAPLUS tailerra abiatuz.
  • SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRAK sustatutako ALDAHITZ proiektuan ere bi esperientzia pilotu abiatu ditugu eta gazi gozoak izan ditugun arren, bidean ikasitakoak euskararen erabilera areagotzeko tresna berriak eman dizkigu.
  • HEZIKETA ZIKLOETAN eta INGENIARITZAN HIZKUNTZAK KUDEATZEKO SISTEMEN ariketa praktikoa landu dugu ikasleekin, balorazio oso positiboa bilduz.
  • ENPLEGUKO PRESTAKUNTZAN, nahiz eta “ofizialki” programatutako ikastaroetan ordu gutxi eman diren euskaraz irakasle euskaldunek proaktibotatsunez dihardute ikasle euskaldunekin euskaraz jardunez eta dokumentazioa ere euskaraz emanaz, behar dutenean.
  • ENPRESENTZAT lantzen ditugun PROIEKTU eta BERRIKUNTZA AHOLKULARITZA zerbitzuetan euskaraz sortzen hasi gara dokumentuak, itzulpen beharra alde batera utzita (Gipuzkoako Aldundiari aurkeztu beharreko txostenetan).
  • Barrura begira azpimarra ditzakegu ESTRATEGIAren taldeetako HAUSNARKETA eta IMHren barne TREBAKUNTZAn euskararen erabilera lehenetsi dela, BATZAR OROKORRETAN euskararen erabilera nagusitzea eta euskararen erabileran ZUZENDARI BERRIEN LIDERGOA azpimarratzea.

ADIERAZLE NAGUSIAK

Zerbitzu hizkuntzari dagokionean, Formazio eta zerbitzu orduak euskaraz: 21.487 ordu %47 / Guztira 46.155 ordu.

Batetik enpresekin egindako proiektu eta lanetan euskararen erabilera igotzen jarraitzen du eta geroz eta enpresa gehiagorekin egiten ditugu lanak euskaraz. Bestetik, programatutako ikastaroak euskaraz ematea kosta egiten zaigu, nahiz eta hainbat ahoz euskaraz egin diren. Luze daramagu saiakeretan eta ez dugu lortzen gaia aurrera ateratzea. Bai ordea neurrira egindako ikastaroetan (enpresen eskaripean), kopuru txikiak izan arren.

Lan hizkuntza, lankide, bezero eta hornitzaileekin lan harremanak. %60.

  • Orokorrean lana ahoz %65 eta idatziz %55 izan da. Euskaldunei dagokionean ahoz %76 eta idatziz %73.

 

Nodo proaktiboa

Nodo proaktibo bezala lanean jarraitzen dugu instituzio, enpresa eta baita pertsonekin. Erakundeekin Elgoibarko Udalarekin elkarlan hitzarmenak, eta Elgoibarko enpresetan praktikak euskaraz sustatzeko proiektua bultzatuz eta langabeen prestakuntzan euskara txertatuz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza Nagusiak sustatutako hausnarketan parte hartuz eta Aldundiko Lantokiko Prestakuntza Euskaraz laguntzen sustapena enpresen artean eginez; eta HPSrekin Lan Hitz programan aktiboki parte hartuz eta 30+10 mintegiaren antolaketan elkarren koordinazioan eginez. Enpresekin Euskaragileak foroan parte hartu dugu bigarren urtez jarraian, Enpresarean azokaren zabalkundean lagundu dugu, DanobatGroupekin ikasleentzako euskara eta makina-erremintaren lehiaketa gauzatu dugu, Elgoibarko bi enpresa berrirekin jardun dugu Elgoibarko Udalaren proiektuan parte har dezaten ahaleginduz, Elgoibarko Izarra euskaltzaleon topagunearekin batera herrigintzan Euskararen Eguneko ekintzetan parte hartuz, Hezkuntzako Berritzeguneetako Euskara teknikariekin 30+10 mintegia eta Eskola Hiztun Bila uztartzeko ahaleginetan jardun dugu, Banaiz Bagara Elkartearekin euskaraplus ikastaroa IMHn antolatzen jardun dugu eta euskalgintzako eremuan antolatu diren ekitaldietan parte hartu dugu (Euskararen Eguna, Hizkuntz Gutxituen eskubideak bermatzeko Protokoloaren aurkezpena, eta abar).

Informazioa komunikabideetan: