Endika Vazquez Mesanza "Betidanik izan dut gauza berriak ikasteko gogoa"

2015/07/22 23:00:00 GMT+1
EtaKitto Eibarko aldizkariak argitaratutako elkarrizketa, aurtengo IMHko heziketa zikloetako IMH Sarietan ikasle aipagarri izan den ikasle eibartarrari.

(Etakitto 937. alea, 14. orrialdean)

Ekainaren 11an Heziketa zikloetako diplomak banatu genituen IMH-n, eta ekitaldi horretan 2015eko IMH Sariak banatu genituen. Lau sari banatu eta bi aipamen berezi egin zituzten. Ikasle aipagarriaren saria Endika Vazquez eibartarri egokitu zitzaion. 29 urte ditu eta Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren  Programazioko goi-mailako zikloa ikasi du. Mendaroko Zehatz enpresan egin ditu praktikak eta orain Talleres Myl-en hasi da lanean. 500 euroko saria ingelesezko klase partikularrak ordaintzeko erabiliko du.


Etakitto:  Zikloa ikasteko zeure lana utzi zenuen. Zer dela eta eman zenuen pausu hau?

Endika: Erdi mailako ziklo bat egin ondoren, 20 urterekin txapista bezala hasi nintzen Elgoibarko Opelen. Beti izan dut goi-mailako ziklo bat egiteko gogoa eta gauza berriak ikasteko grina; horregatik hasi nintzen zikloa egiten. Makina bat bestetik bereizten ez nekien IMH-n sartu nintzenean eta pila bat ikasi dut, oso gustora egon naiz, Orain lanean nago Mendaroko Myl enpresan. Makinen kabezalak kopondu edota berriak egiten ditugu; artezketa-sailean nago. Ez da erreza, baina oso interesgarria da.

Etakitto- Nola baloratuko zenuke bi urte hauetan IMH-n egindakoa?

Endika: Oso planteamendua bitxia daukate. Proiektuak landu egiten dira eta, azterketak egin beharrean, aurkezpen moduko batzuk egiten dira. Esate baterako, kliente baten eskaria simulatzen da: teoria ematen zaigu eta eskari hori aurrera atera egin behar dugu. 8 edo 9 proiektu landu ditugu. Nire ustetan, oso positiboa da praktikan oinarritzen den ikasteko modu hau. Ez nuen horrelakorik espero.

Etakitto- Gainera, bere ikasleak lan merkatura bideratzen ditu IMH-k, ezta?

Endika: Otsailean zikloa amaitu eta 3 hilabetetako praktikak egin nituen Zehatz enpresan. Tailerretan egiten diren praktikak derrigorrezkoak dira eta, ondoren, ikasle asko enpresa horietan gelditu dira lanean. Praktikak amaitzerakoan IMH-k lan-poltsa batean sartzen ditu ikasleak eta harremanetan jartzen ditu enpresekin. Nik horrela lortu dut orain daukadan lana.

Etakitto- Espero zenuen ikasle aipagarriaren errekonozimendua?

Endika: Ez nekien sari hauek existitzen zirenik ere. Graduazio egunean banatzen dira eta egun bat lehenago abisatu zidaten. Ezusteko handia izan zen. 500 euroko saria eman didate, hori bai,  ikasketetan gastatzeko. Nik ingelesezko klase partikularrak ordaintzeko erabiliko dut.