Enpresa ekintzaileak eta hizkuntza kudeaketa
Ohitura berriak sortzea, errotuta daudenak aldatzea baino errazagoa den bezala, lorgarriagoa da hizkuntzak kudeatzeko sistema egokia ezartzea enpresa berri batean, aspaldi sortutako batean baino. Berria izateaz gain, txikiagoak ere izaten dira, eta, erraztasun handiagoa dute egokitzeko. Ondorioz, eraginkorragoak dira berrikuntzen aurrean.
Jakina, enpresa sortzea zaila da, bereziki, finantzazioa erakartzea. Horretarako, ezinbestekoa da inbertitzailearengana iritsi, eta konfiantza sortzea. Hau da, proiektua kontrolpean duzula, eta garapen sendoa izango duela erakustea.
Hizkuntza kudeaketak lagun diezaioke negozio-planaren sendotasun horri, ekintzaileak proiektuaren giltzarriak diren hainbat ezaugarri sakon aztertu dituela adierazten duelako, baita proiektuak eragindakoen errealitate linguistikotik ere.
Lehenik eta behin, hizkuntzen begietatik aztertu behar ditu produktu/zerbitzua (etorkizuneko bilakaera-aukerak barne), merkatua, bezeroak eta konpetentziaren ezaugarriak. Aztertu behar dira hizkuntza kudeaketari lotutako zein neurrik lagun diezaioketen konpetentziaren eskaintza gainditzen. Esaterako, egun dagoen produktu baten garapenari hizkuntza kudeaketaren aldagaia gehituz. Kasuren batean, gerta daiteke produktua sortzeko ideia bera ere hizkuntzetatik bertatik sortzea, egoera soziolinguistiko zehatz batek sortutako premia batetik,
Bigarrenik, irudia, komunikazioa, marketingari eta fidelizatzeko politikei lotutako osagaiak azter daitezke. Izena, markak, egoitza, horren kokapena eta antolaketa, komunikaziorako eta promoziorako euskarriak.
Hirugarrenik, produkzio prozesua, kalitate irizpideak, hornitzaileak eta lanerako baliabideak daude.
Amaitzeko, eta aurreko azterketa horien ondorioz, lan-taldeak beharko dituen gaitasun linguistikoak zehaztu daitezke, baita lidergo linguistikoa erakundean nola kudeatuko den ere. Hausnarketa hori, jakina, merkatu, hornitzaile eta enpresa kokatzeko aukeratu dugun lurraldearen arabera egingo da, eta, enpresaren erantzukizun sozialari erreparatuz. Giltzarria da eragindakoen igurikipenak gainditzeko gai izatea. Gainera, guretzat nahi ditugun irizpideak kanpora joaten garenean ere zintzotasunez erabili beharko genituzke.
Enpresa berriei laguntzeko, hizkuntza kudeaketa
Ikerketek erakutsi dute hausnarketa hori egiten ez duten enpresek negozio aukerak galtzen dituztela. Beraz, egokiena da hausnartu eta erabakiak hartzea negozio-plana egin ahala, hori baita modurik merke, eraginkor eta logikoena. Gainera, lagungarriak izan daitezkeen erremintak baditugu egun gurean. Kalitateko hizkuntza kudeaketarako ziurtagirietako epigrafeak banan bana hartu, eta ordu gutxiko lana izango da oinarrizko lehen irizpideak zehaztea.
Hortaz, enpresa berriek errazago kudea ditzakete hizkuntzak, sortzetik egin dezaketelako; eta hizkuntza kudeaketa horrek berak haien garapenari lagun diezaioke. Gainera, ekintzaileek lana eta aberastasuna sortzen dute haien lurraldearentzat. Ondorioz, interesgarria ikusten dugu aipatutako hizkuntza-irizpide horiek kontuan izatea ekintzaileen formazio guneek, enpresa-elkarteek, herri-administrazioek eta gainontzeko finantza iturriek, haien politikak, programak eta finantziazio bideak ezartzen dituztenean.
30+10 mintegia, 6. edizioa
Halako gaietaz hitz egingo da Elgoibarko IMHn, azaroaren 17an, burutuko den 30+10 Mintegiaren 6. edizioan. Bertan izango ditugu hainbat erakundetako ordezkariak: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara eta Berrikuntza, Confebask, Anbotogroup, Gipuzkoako Txinatar institutua, Erantzukizun globaleko thin thank katalan bateko aditua, eta hizkuntza-aholkularitza nagusiak. Hitzaldiez gain, bi mahai-inguru izango dira, ekintzailetza eta lidergoa jorratzeko. Eta eguna amaitzeko, parte hartzaileen arteko sarea indartzeko getting-contact saioa antolatuko da.
Gaiari interesgarria baderitzozu izena eman izena hemen (egitaraua eta inskripzioak). Garrantzirik ematen ez badiozu, arrazoi handiagoa bertaratzeko: zaude ziur agenda ideia eta harreman interesgarriez beteta itzuliko zarela.
Mikel Urdangarin Ahize-AEK hizkuntza-aholkularia
Edurne Bilbao IMHko hizkuntza kudeaketa arduraduna