Ezagutzaren Clusterrak
Kudeaketarako ezagutzaren garapena eta aplikazioa sustatu, piztu eta babesteko eginkizuna duen Enpresa Kudeaketarako Ezagutzaren Cluster Elkarteak lan munduan euskararen erabilera areagotzeko bideez eztabaida prozesu bat egin zuen 2004. urtean, "Euskara eta kudeaketa" foroaren barnean. Prozesu horren emaitza Euskara enpresaren kudeaketan. Gakoak eta esperientziak liburuan jaso dute.
Liburua Bilboko Euskalduna jauregian aurkeztu zen, 2005eko apirilaren 26an. Bertan izan ziren Juan Jose Duque, Ezagutza Clusterreko lehendakariordea; Miren Azkarate, Kultura sailburua; Andres Urrutia, euskaltzainburua; Patxi Goenaga, Hizkuntza Politikarako sailburuordea; eta, txostengileen izenean, Agurtzane Loidi, Elhuyar Aholkularitzakoa.
Txostenak azterketa bat jasotzen du, euskararen erabilerak gaur egun esparru sozio-ekonomikoan duen egoeraz. Enpresen kudeaketan euskara txertatzeak izan dezakeen balio erantsiaz eta arrakastarako gakoak azaldu ostean, zortzi esperientzia praktikoren berri ematen du (Batz S. Koop., EiTB, ESTE-EUTG, IMH, Labein Fundazioa, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, Tekniker eta Euskal Herriko Unibertsitatea).