Ideia industrialen bi ekintzaile saritu ditu TKgune Fabrikazioa lehiaketak

2015/11/18 00:00:00 GMT+1
Bizikleten platerak hobetzeko eta metaleko 3D inpresioko zerbitzuen ideiak garatuko dituzte TKgune Fabrikazioa izaera industrialeko sariaren laguntzarekin.

 

Azaroaren 18an banatu dira TKgune Fabrikazioa Gazteentzako Enpresa Industrialen Ideia Onena lehiaketaren sariak, Elgoibarko Udaletxean, Ane Beitia alkatea eta Joxean Egaña IMHko zuzendari eta aldi  berean TKgune Fabrikazioa sareko ordezkari denaren eskutik, lehiaketaren babesle, Tkgune Fabrikazio sareko partaide, Urratsbateko ordezkari eta heziketa zikloetako ikasleen parte hartzearekin.

Lehiaketa honen helburua da gazteen artean izaera industriala duten enpresa proiektuen garapena sustatzea. Ekintzailetasun industrialaren eremuan kokatuz, lehiaketa honek Euskal Herrian errotutako beste ekintza on batzuk osatzera dator. Beste sektoreekin enpresa berri industrialak abiatzeak baditu hainbat zailtasun: azpiegitura garestiak behar dituzte abiatzen diren momentutik (makinak batik bat); ondorioz, mota honetako proiektuen kopurua txikiagoa da.  Bestalde, Elgoibarko Udalak lehiaketa babestu du lantzen dituen ildoekin bat baitator: sektore industriala eta ekintzailetasuna.

Tkgune Fabrikazioa lehiaketaren 2. edizioa Tkgune Fabrikazioa sareak antolatu du, Lanbide Heziketako 13 ikastetxek osatzen dute Sarea: IMH, Miguel Altuna, Bidasoa, Somorrostro, Usurbil, Egibide, Elorrieta-Erreka Mari, Txorierri, Oteitza, Lasalle Berrozpe,  Goierri, Lea Artibai eta Tolosaldea.

2. edizioko Babesleak izan dira Elgoibarko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, DanobatGroup, Alcorta Forging Group, Grupo Schaeffler, Rural Kutxa eta Grupo Unceta.  Debegesak eta Euskal Herriko Unibertsitateak ere kolaboratu dute sarien antolaketan. Beraientzat antolatzaileen esker ona

SARITUAK:

ENPRESA INDUSTRIAL IDEIA ONENA:  MIKEL ZUBIETA - BIZIKLETEN TRANSMISIOA

"Sistema mekatroniko berritzailea proposatzen da, bizikleta-transmisio aurreko desbideratzailearen portaera eskasaren hobekuntza nabarmena lortzeko asmoz"

Mikel Zubieta Etxalarkoa (Nafarroakoa) eta Galdakaon bizi da. Ingeniaritza industriala eta doktoretza amaitu eta IK4 Teknikerren 5 urtez lan egin ondoren lana utzi zuen bere enpresaren sorkuntzan bete-betean aritzeko.

Enpresa Industrial ideia onenaren sarituak 2.500 € jasoko ditu eskudirutan, 40 prestakuntza ordu sustatzailearen beharren arabera, 100 aholkularitza ordu enpresa proiektua garatzeko eta 300 ordu beharrezkoak diren baliabide industrialak erabiltzeko (makinak, ...).

Saria Ane Beitia Arriola Elgoibarko alkateak eman dio.

LANBIDE HEZIKETAKO IKASLE OHIAREN ENPRESA INDUSTRIAL IDEIA ONENA:  IMANOL CALDERON - ADDMETAL

Injekzio-moldeetarako postizo metalikoen fabrikazioa, material gehitzearen bitartez.  Metaleko 3D inprimitzearen bitartez injekzio-moldeetarako postizoen diseinu eta fabrikazio zerbitzuak eskaintzen duen enpresa bat sortzean datza. Fabrikazio-teknika honek duen indargunerik handiena postizoak hozteko optimizazioa da. 3D inprimatzeari esker, lehen egiteko ezinezkoak ziren mekanizatzeko formak eta injektatzeko materialak lortzen dira.

Imanol Calderón Beran (Nafarroan) jaiotakoa naiz, egun Irunen dihardu lanean. Mekanikako Ingeniaritza Teknikoa amaitu eta urte bete ondoren, goi mailako Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko zikloa ikasi zuen Eredu Dualean. Bidasoako Lanbide Eskolako Urratsbat programako arduradunak animatuta, aurtengo ekainean amaitu eta bere kabuz lan egitea erabaki zuen.

Lanbide heziketako ikasle ohiaren enpresa industrial ideia onenaren sarituak 2.500 euro jasoko ditu eskudirutan, 40 prestakuntza ordu sustatzailearen beharren arabera, 50 aholkularitza ordu enpresa proiektua garatzeko eta 100 ordu beharrezkoak diren baliabide industrialak erabiltzeko  (makinak, ...)

Saria Joxean Egaña Ajuriak IMHko Zuzendariak eman dio, TKgune Fabrikazioa sarearen izenean.