IMH eta Innovae teknologia digital berriak fabrikazio aurreratuan txertatzeko lankidetzan

2021/05/10 10:07:00 GMT+1
Erakunde bietako ordezkariek lankidetza hitzarmena sinatu dute IMHko instalazioetan.

PRENTSA OHARRA

IMHk, Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren Campusak eta Innovae enpresak, errealitate areagotuan eta errealitate birtualean oinarritutako irtenbideetan erreferentzia den enpresak, lankidetza-hitzarmena sinatu dute, industria-ehunean teknologia digitalen ikaskuntza eta ezarpen-prozesuak bizkortuko dituzten hainbat ekimen abiarazteko, bereziki fabrikazio aurreratuaren esparruan.

Fabrikazio aurreratuaren teknologia berri horiek enpresetara eta ikasleengana hurbiltzeko helburuarekin, ezagutza teknikoa digitalizatzeko hainbat tresna erabili ahal izango ditu IMHk, errealitate areagotuan oinarrituta, hala nola SAAM eta ATR. Konponbide horiei esker, prozesu gidatuak ikus daitezke urratsez urrats, eta urruneko euskarri teknikoa eman; aldi berean, aukera ematen dute teknikarien trebakuntza hobetzeko, produkzio-geldialdiak minimizatzeko, produkzio-prozesuen eraginkortasuna hobetzeko eta gorabeherak konpontzeko denbora murrizteko.

Hitzarmenak jasotzen dituen konpromisoen artean, IMHk Innovae-ren ekipamendua eta teknologia txertatuko du unibertsitate mailako nahiz lanbide heziketako prestakuntza-prozesuetan. Gainera, teknologia horrekin lotutako enplegurako prestakuntza-ikastaro bat sortuko du. Bestalde, Innovaek SAAM eta ATR produktuen lizentziak emango ditu prestakuntza-helburu horietarako, eta prestakuntza-saioak emango dizkie IMHko irakasleei. Horrez gain, jardunaldi teknologikoak edo erakustaldiak antolatuko dira ikastetxeko instalazioetan, ikasleei eta enpresei zuzenduta. Era berean, bi erakundeek aktiboki lagunduko dute I+G+b proiektuak garatzen, bai eta irtenbide horiek makina-erremintaren sektoreko enpresetan ezartzeko proiektu errealak garatzen ere.

Hitzarmena sinatzeko saioan, Ixaka Egurbide IMHko zuzendari kudeatzaileak esan du akordioa "urrats bat gehiago dela IMHren estrategian gure gaitasun teknologikoak eta gure prestakuntza-prozesuak digitalizatzeko, enpresei erantzun berritzaileak ematen jarraitzeko eta, bereziki, gure ikasleen trebakuntza hobetzeko". Bestalde, Pablo Ayalak, Innovae enpresako CEOk, honako hau adierazi du: "Akordio honen bidez, etorkizuneko profesionalen gaitasun digitala eta gazteen enplegagarritasuna hobetzen nabarmen lagundu ahal izatea espero dugu. Euskal enpresa-sarean sentsibilitate handia dago jada prozesuak digitalizatzeko beharrari buruz, eta eraldaketa hori jasango duten teknologia berrietan prestatutako profilak izateko premia argia dago".

IMHri buruz
IMH erreferentziazko prestakuntza-zentroa da Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren esparruan, enpresek eta pertsonek behar dituzten gaitasunen ikaskuntza bizkortzeko. 2.200 ikasle baino gehiagorengana iristen da prestakuntza-eskaintza.

Innovae-ri buruz
Azken belaunaldiko teknologietan oinarritutako soluzioak eta produktuak garatzen dituen enpresa teknologikoa, hala nola errealitate areagotua edo errealitate birtuala. Innovaek arrakastaz aplikatu ditu azken 10 urteetan mota horretako irtenbideak industria-sektorean, prozesu teknikoetan prestakuntza eta exekuzio mota guztiak optimizatzeko, hala nola makineriaren mantentze-lanak, instalazioak martxan jartzea, ekoizpena, kalitate-kontrola edo euskarri teknikoa.