IMHk eta Ikusik IIOT Gaitasunen Zentroa sortuko dute digitalizazio industrialeko profesionalak eta ikasleak trebatzeko

2021/06/28 12:43:00 GMT+1
IIOT Gaitasunen Zentroa sortu eta abiatzea da bi erankundeen helburua, IIOT teknologia horiek formakuntzan eta makinetan aplikatzeko, enpresen ekoizpen-prozesuak hobetzearekin batera.

PRENTSA OHARRA, ARGAZKI ETA BIDEO-AUDIO-ADIERAZPENAK

  • IMH-k eta Ikusik hitzarmena sinatu dute IIOT Gaitasunen Zentroa sortzeko, IMHko ikasleei eta enpresa industrialei zuzenduta.
  • IIOT Gaitasunen Zentroak urtero 200 ikasle baino gehiago prestatuko ditu teknologia horiek makinetan aplikatzeko, enpresen ekoizpen-prozesuak hobetzearekin batera.
  • Zentro berria Elgoibarko IMH Fabrika Digitalaren instalazioetan kokatuko da. Bertan, Ikusik hainbat erabilera-kasu ezarriko ditu IIoT Thingworx plataformaren baitan. Plataforma hori PTCk garatzen du, adimen artifiziala erabiltzen du, eta proiektu pilotuak benetako soluzio bihurtzea ahalbidetuko du.
  • Zentroak benetako industria-inguruneetan test praktikoak egiteko aukera emango du, eta horrek enpresei lagunduko die euren digitalizazioan aurrera egiten.

IMHk, Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren Campusak eta Ikusik, negozioen eraldaketa digitalizatuan espezializatutako enpresak, lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute digitalizazio industrialeko prestakuntza-zentro bat sortzeko. Zentro berri honekin IMHko ikasleek nahiz enpresa industrialek IIOT (Gauzen Internet Industriala) arloan trebatu ahal izango dute. Aldi berean, digitalizazio-prozesuetan aurrera egin nahi duten enpresentzat erakustoki izango da.

"IIOT Gaitasunen Zentro" berriak teknologia horiek makinetan aplikatzeko profesionalak prestatuko ditu, eta enpresetan produkzio-prozesuak hobetzea bultzatuko du. Enpresek test praktikoak egin ahal izango dituzte benetako industria-ingurune batean, eta, horri esker, segurtasunez digitalizatuko dira, eta une oro egiaztatuko dute zer onura lor ditzaketen tresna digital horiek aplikatuta. Bestalde, zentroak eragin zuzena izango du IMHko ikasleen prestakuntzan; zehazki, Ingeniaritza Dualeko graduko, Fabrikazio Digitaleko masterreko, Datuen Analitikako Espezializazio eta Fabrikazio Aditiboaren graduondokoetako, Lanbide Heziketako eta Etengabeko Prestakuntzako ikasleei begira. Guztira, zentroak urtean 200 ikasle baino gehiagorengan eragina izatea aurreikusten da.

Zentro berria Elgoibarko IMH-ren Fabrika Digitalaren instalazioetan egongo da, eta Ikusi enpresak Thingworx plataforma ezarriko du bertan. Tresna berritzailea da Thingworx, PTC multinazionalak garatua. Adimen artifiziala erabiltzen du fabrikazioaren, zerbitzuen eta ingeniaritzaren erabileraren hainbat kasu testatzeko, hala nola makinen urruneko ikuskapena eta mantentze-lanak, aktiboen optimizazioa edo mantentze prediktiboen inplementazioa, besteak beste. Horrela, Thingworxek ingurune erreal batean probak egiteko aukera ematen du eta, aldi berean, proiektu pilotuak enpresa-irtenbide zehatz bihurtzea ahalbidetzen du.

Ikusi eta IMHren arteko lankidetza-hitzarmen hau bi erakundeen arteko lankidetza estuaren hurrengo pausoa da; izan ere, azken urteotan elkarlanean aritu izan dira industria-digitalizazioaren arloko I+G proiektuetan, Eusko Jaurlaritzaren Hazitek programaren barruan. Esaterako, EDGE4FoF proiektuan parte hartzen dute, EDGE eta Cloud arkitektura hibrido kulunkatuen ikerketan. Bestalde, ATERRIZA 4.0 proiektuan, ekipo-ondasunetan soluzioak garatzeko analitika aurreratuko teknologietan ikertu dute.

Ixaka Egurbide IMHko zuzendari kudeatzailearen hitzetan, "konpetentzien zentro hau aurrerapausoa da digitalizaziorako gure apustu estrategikoan eta, Ikusi bezalako enpresa erreferenteekin lankidetzan, gure Fabrika Digitalari balioa gehitzen jarraitzen dugu, ekosistema aurreratu gisan, etorkizuneko profesionalak prestatzeko eta gaitzeko nahiz gure enpresen garapen teknologiko eta digitalera bultzatzeko".

Bestalde, Quique Candorciok, Ikusiren Digitalizazio Unitateko zuzendariak, honako hau nabarmendu du: "Ikusik IMHrekin batera IIoT Gaitasun Zentro bat sortzea, enpresak digitalizatzera bideratutako gure estrategiaren barruan kokatzen da, teknologia esponentzialen erabileran oinarritutako ekimenak eta proiektuak inplementatuz, ezagutzaren gizartean giltzarri diren hiru zutaberen bidez: enpresak, profesionalak eta trebakuntza".

Josep Ortegak, PTCko zuzendari komertzialak, proiektuak talentua erakartzeko egindako ekarpena nabarmendu du: "IoT-rekin lotutako teknologiak ari dira industriara gehitzen eta, askotan, zaila izaten da langile kualifikatuak aurkitzea teknologiok erabiltzeko. PTC-tik uste dugu aliantza hau bezalako ekimenek balio handia dutela lurraldearentzat, behar hori zuzenean asetzen dutelako ".

IMHri buruz
IMH erreferentziazko trebakuntza-zentroa da Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren esparruan, enpresek eta pertsonek behar dituzten gaitasunen ikaskuntza bizkortzeko. Urtero 2.200 ikasle baino gehiago trebatzen dira IMH-n.

Ikusiri buruz
Ikusi, Velatia taldeko enpresa, digitalizazioaren eta zibersegurtasunaren arloan espezializatutako enpresa teknologikoa da. Ikusik integrazioko, ingeniaritzako eta garapen teknologikoko zerbitzuak zabaltzen ditu negozioen eraldaketa digitalerako. Bezeroekin batera lan egiten du bere negozioaren berezitasunak ulertzeko eta, hortik aurrera eboluzionatzeko, teknologiaren eta dagozkien zerbitzuen potentzial guztia erabiliz. Mexikon, Espainian, Kolonbian, Txilen eta Perun presentzia du eta kualifikazio handiko 800 langile ditu.

PTC-ri buruz
PTCren laguntzarekin, fabrikatzaile globalek bi digituko inpaktua lor dezakete software-soluzioekin produktuen eta zerbitzuen berrikuntza bizkortzeko, eraginkortasun operatiboa hobetzeko eta eskulanaren produktibitatea handitzeko. Bazkide-sare zabal batekin konbinatuta, PTC-k bezeroei malgutasuna eskaintzen die, instalazioetan, hodeian edo SaaS plataformaren bidez eraldaketa digitala bultzatzeko. PTCn, mundu hobea imajinatzeaz gain, posible egiten dugu.