IMHk eta Udalak euskara lan munduan sustatzeko 2016ko elkarlan hitzarmena sinatu dute
2016ko maiatzaren 24an, Elgoibarko Udal Pleno Aretoan IMHren goazen planaren 2015 urteko balantzea eta 2016eko helburuak aurkeztu dira, Udala eta IMHren arteko hitzarmen sinatzearekin batera. Ekitaldian parte hartu dute Ane Beitia Elgoibarko Alkateak, Maialen Gurrutxaga, Udal Euskara Batzorde Buruak, Joxean Egaña, Makina Erremintaren Institutuko Zuzendariak eta Edurne Bilbao, IMHko hizkuntza koordinatzaileak.
2016ean Udalak eta IMHk sinatutako hitzarmenari esker Elgoibarko Udalak IMHri 2016rako 3.500 euro emango dizkio, Goazen proiektuaren jarduera finantzatzen laguntzeko, eta 2.500 euro Lantokietan praktikak euskaraz sustatzeko egitasmorako. Hitzarmeneko Plan honek lau helburu nagusi ditu:
-
IMHn euskararen erabilera sustatzea
-
Makina-Erreminta sektorean eragitea, euskararen erabilera sustatzeko urratsak emanez.
-
30+10 mintegia antolatzea.
-
Ikasleek lantokiko praktikak euskaraz egin ditzaten urratsak ematea enpresetan.
2015eko Euskara Planaren Memoria
IMHko arduradunek adierazi duten bezala, 2003tik hona euskara proiektuan egindako lanari esker euskararen presentzia IMHko prestakuntza eta zerbitzu guztietan nabaria da eta bermatuta dago, heziketa ziklo, ingeniaritza duala, prestakuntza iraunkorra, giza baliabideen aholkularitza eta ETEentzako berrikuntza zerbitzuen negozio unitatean besteak beste, bakoitza bere mailan.
Ahalegin hau erakundeen laguntza eta elkarlanari esker izan da, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta hasieratik Elgoibarko Udalak urtero laguntzen baitu Goazen plana.
IMHk barne erabilera sustatzeaz gain, kanpora begira eragile lanak egiten ditu, enpresa zein erakundeekin elkarlanean traktore izateko eta hauetan euskararen erabilera sustatzeko ahaleginetan ere.
2015 urte berezia da IMHrentzat, Fundazioaren sorreraren 25.urteurrena betetzen baitu eta euskararen aldetik 2005-2015 epealdia osatu baita. Epealdi baten amaieran eta berri baten hasieran aurkitzen gara, eboluzionatzen jarraitzeko aukera ikuskatuz.
Goazen planaren datuak:
Zerbitzu orduek gora egin dute %49 (iaz %46): berrikuntza aplikatuaren enpresa zerbitzuetan mantendu egin da ehuneko altua eta besteetan igo egin da, guztira 21.965 zerbitzu-ordu euskaraz (Guztira 45.924).
Lan-hizkuntzari dagokionez, orokorrean ehuneko altuak dira (ahoz %63 eta idatziz %46) baita euskaldunen arteko erabileran %(80 ahoz eta idatziz %71). 2003ko erabileraren %32 urrun gelditu da, eta 2015erako aurreikusitako %65 gainditu egin da. Gogoratu behar da datu hau langileek emandako iritzietan oinarritzen dela, beraz balio absolutuak baino joerak hartzen ditugula kontuan.
Hezkuntza-enpresa arteko zubi-lanaren izaera biderkatzeko asmoarekin, IMHk enpresetan praktikak egiterakoan euskararen erabilera sustatu du hainbat urtez jarraian, azpiproiektu berriak sortu eta bideratuz, Ahize-AEKren eta Lanekirekin elkarlanean. Egitasmoak arrakasta izan du Jaurlaritza, Aldundia eta Elgoibarko Udalarekin hainbat fruitu emanaz (Gehitu eta Lanpres proiektuak, Aldundiaren diru laguntzak enpresentzat...). Elgoibarko Udalak ere egin dio tokia egitasmoari eta berari esker badira Elgoibarren 5 enpresa (Perihortz, Lauko, Swisslan, Bronymec eta Pikumek berria aurten) parte hartzen dutenak proiektuan. (Mekarekin ere beste bik dihardute Mendaroko Ospitalea, Giauto).
Hamargarren urtez antolatu dugu 30+10 Mintegia. Hizkuntza-kudeaketari buruzko topagune erreferentzial honetan, 10 urte ondoren beste hurrengo 10 urtetako erronken mahai ingurua eta Lanbide Heziketako praktikak euskaraz bideratzeko datuen partekatzea egin ziren lehen atalean. Ondoren esker ona eta aitortza egin zitzaien 10 urtetan mintegian parte hartu duten erakunde eta pertsoeni, eta azken atalean enpresen praktika onak eta zerbitzuak euskaraz.
Azkenik 2015ean BIKAIN kanpo ebaluazioa egin dugu GOAZEN euskara planaren ibilbidea neurtu eta balioan jartzeko. Emaitza Jaurlaritzak ematen duen zilarrezko ziurtagiria izan da, 600 eta 649 punturen arteko puntuazioarekin. 2008an egindako kanpo ebaluazioan 550-599 artekoa lortu zenez, planak bizirik dirau eta pixkanaka aurrera darrai.
2016eko helburu nagusia:
Euskara IMHko oinarrizko lan-hizkuntza izan dadin eta zerbitzu-hizkuntzan euskararen presentzia bermatu dadin, Bikain kanpo ebaluazioak emandako ondorioak oinarri hartuta, Hizkuntzak Kudeatzeko Sistema eguneratu eta erakundean hedatu.
Helburu zehatzak:
-
Bikain kanpo ebaluazioa oinarri hartuta, Hizkuntzak Kudeatzeko Sistemaren irizpideak eguneratu, egungo errealitatea %100 isla dezan, zuzendaritzaren onespenarekin.
-
Erakundeko aginte organoak hizkuntza politikaren garapenean zuzenean parte hartu eta erreferente izatea, berari dagozkion ardurak bereganatuz.
-
Urteko kudeaketa plan orokorrean dauden euskara helburuak negozio bakoitzeko beharretara egokitu, urteko kudeaketa planetan sartu eta jarraipena egitea.
-
Hurrengo plan estrategikoa egitean, euskara lan eta sortze hizkuntza izateko estrategiak garatu.
- Goazen Planari buruzko informazio gehiago www.imh.eus webguneko Goazen atalean