IMHko Euskoskills, sari banaketa
Sariak irudietan...
Irabazleen zerrenda...
Euskoskills Sariak 22an banatu ziren Elgoibarko IMHko Alberto Ortueta Areto Nagusian eta sari-banaketa ekitaldietan parte hartu zuten Jose Luis Elorza Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Etengabeko Prestakuntzako Zuzendariak, Alfredo Etxeberria Elgoibarko Alkateak, Joxemi Oskoz Tknikako zuzendariak, Jon Labaka Tknikako Berrikuntzako zuzendariak eta Joxean Egaña IMHko Zuzendariak.
Hiru probetako lehen sailkatuak urrezko domina eta txapela jaso zuten. Bigarrenek zilarrezko domina eta hirugarrenek brontzezkoa. Parte-hartzaile guztiek diplomak jaso dituzte eta Euskoskills kamiseta. CAD probetan irabazleak izan ziren urrea, zilarra eta brontzea ordena honetan: Gaizka Dominguez, Andoaingo La Salle Berrozpe ikastetxekoa; Alexander Huerta, Irungo Bidasoakoa eta Ibai Zabalo, Bergarako Miguel Altunakoa. TORNU proban, urrea, zilarra eta brontzea izan ziren Unai Ventura, Donostiako Easo Politeknikokoa, Ander Zabala, Andoaingo La Salle Berrozpekoa eta Eneko Ansola, Elgoibarko IMH Makina Erremintaren Institutukoa. Azkenik FRESAtzeko proban urrea, zilarra eta brontzea izan ziren Larraitz Uranga, Elgoibarko IMH Makina Erremintaren Institutukoa, Jokin Agirre, Eibarko Armeria Eskolakoa eta Kevin Quiros, Bergarako Miguel Altunakoa.
Estreinakoz antolatu dira Elgoibarko IMHn Euskadi mailako CAD diseinu mekanikoa, Tornua eta Fresatzeko makinaren skills edo probak, urtero lanbide heziketako olinpiadak bezala ezagunak diren munduko txapelketan parte hartu ahal izateko. Proba luzeak eta trinkoak dira eta ikasle parte hartzaile bakoitzak bere trebetasuna eta gaitasunak erakutsi behar ditu epaimahai baten aurrean. Ikasleak hilabeteetan prestatu eta entrenatu dira haien ikastetxeetan, proba hauek gainditu eta saria lortzeko ahaleginean.
IMHn garatu diren probetan, guztira 16 ikaslek hartu dute parte, 6 CADen, 6 Fresatzekoan eta 4 tornuan. CADekoek 3 ariketa egin behar izan zituzten bi egunetan zehar, pieza batzuetatik abiatuta planuak eginez. Fresatzeko eta Tornukoek plano batzuk jaso zituzten eta 6 ordutan planuan zetorren piezaren mekanizazioa programatu eta mekanizatu egin behar zuten.
Esan daiteke txinparta ugari atera zirela gazte-lehiakideen burutik, han izan zuten kontzentrazio eta ahalegina dela eta. Fresatzeko makinaren kasuan bakarra izan zen proba osoa amaitu ahal izan zuena, irabazlea, alegia. Diseinu mekanikoan lehen postua lortu zuen ikasleak ere denbora baino lehenago amaitu ahal izan zituen ariketak.
Elgoibarko probetako irabazleak Madrilera joango dira apirilaren lehen astean Estatu mailan antolatu diren SKILLSetan parte-hartzeko. Madrilen sailkatzea lortuko balute, Europan eta Mundu mailako probetan parte-hartzeko txartela eskuratuko dute.
Euskoskills Eusko Jaurlaritzak eta Tknikak antolatu dute lanbide heziketako ikastetxe parte-hartzaileekin batera. Elgoibarko tornu eta fresatzeko probetako materiala Unceta enpresak eman ditu, babes bezala.
Azkenik aipamen berezia IMHtik ahalegin berezia egin duzuen ikasle, tutore, irakasle, epaimahaikde eta antolatzaileoi. Gogoratu IMHn parte hartzeaz gain mekatronika probetan ere izan genuela ordezkaritza eta Madrilera zuzenean joango direla polimecánica proban parte hartzera Euskadiko ordezkari bezala. Zorionak egindakoagatik eta esperientzia honek balio dezala aurrera gogoz jarraitzeko!