IMHren Goazen euskara planaren 2005 balantzea

2006/03/24 00:00:00 GMT+1
Makina Erremintaren Institutuko Goazen euskara planaren 2005 urteko balantzea, 2006ko martxoaren 23an aurkeztu zuten Udaletxean Marivi Aguirregomezcorta Alkateak, Miren Arrieta Euskara zinegotziak, Mikel Urdangarin Ahize-AEK aholkularitzak, Joxean Egaña IMHko zuzendariak eta Ruben Odriozola, IMHko euskara teknikariak.

Makina-Erreminta sektorean euskararen erabilera sustatzeko oinarrizko urratsa

Sarrera

Goazen egitasmoaren xedea euskararen erabilera Makina-Erremintaren Institutoan (IMH) sustatzea da. Institutuak 2003ko udazkenean abiatu zuen erabilera plana Ahize hizkuntza-aholkularitzarekin elkarlanean eta Elgoibarko Udalaren laguntzarekin. Azken urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ere lagundu diote ekimen horri.

Makina-Erremintaren Institutua Elgoibarren kokatuta dago, eta industriaren eta gizartearen zerbitzura dagoen berrikuntza teknologikorako zentroa izanik, prestakuntza teknikoaren eta teknologiaren hedapenaren eremuan kokatu du bere jarduera.

IMHk prozesu desberdinetan antolatua du bere jarduera:

  • HLH: Hasierako lanbide heziketa: Erdi mailako zikloak: Mekanizazioa, Makineria eta linea-eroabideen instalazio eta mantentze elektro-mekanikoa. Eta goi mailako zikloak: Proiektu Mekanikoen Garapena, Mekanizazio Bidezko Produkzioa eta Industri Ekipoen Mantenimendua.
  • Txandakako IMH Ingeniaritza Eskola: Unibertsitate mailako ikasketa hauek lana eta ikasketa uztartzen ditu.
  • Lanbide Heziketa Iraunkorra eta okupazionala: Langabetuentzat eta lanean ari direnak egunean izateko ikastaroak.
  • INCRESS: Langileen gaitasunak egoki kudeatzeko zerbitzu integrala eman enpresei.
  • ITE: Ikertu eta garatu egiten ditu hezkuntza eredu eta metodología berriak. Horretaz gain, nazioarteko proiektuak ere kudeatzen ditu: Malasia, Txina, Txile... .
  • e-LEARNING: Internet bidezko formazio teknikoa.
  • EUSPEN: prozesu giltzarriak behar bezala gara daitezen lagungarriak diren gainontzekoak biltzen ditu bere baitan, hala nola administrazio orokorra, mantentze lanak, kalitate sistema, informazioaren teknologiak … .

Egitasmoaren Misioa

Goazen egitasmoaren misioa; euskara oinarrizko hizkuntza izatea, produktuetan, eta barne eta kanpo harremanetan, era horretan, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Beti ere, inguruaren errealitatearen eta bezero bakoitzaren beharrekin bat datorren eskaintza malgua sustatuz, eta erakunde barruko baloreak errespetatuz.

Metodologia

2003ko Irailean, IMHk Aizerekin adostu zuen hiru urteko lankidetzan aritzea eta plana elkarrekin garatzea. Proposatutako planaren urratsak ohikoak izan ziren:

  1. Plana antolatu
  2. Diagnostikoa egin
  3. Plana diseinatu
  4. Inplementatu
  5. Ebaluatu
  6. Iraunkortu

Goazen egitasmoak bi lan-ildo nagusi izan ditu hasieratik:

Erabilera sustatu: hau da helburu nagusia eta sekula ahaztu behar ez dena.

Erakundearen ohiko egitura eta funtzionamenduan txertatu euskara, eta horrela, proiektua iraunkortu, eta Ahizeren interbentzioa bukatutakoan ere jarraipena izango duela bermatu.

Ildo honetatik, oso garrantzitsua izan da Zuzendaritzak hartu zuen erabakia, 2005eko kudeaketa-planean euskarari lotutako helburuak txertatzea. Orokorrean bederatzi-hamar helburu orokor izaten dira eta horietako bat euskarari dagokio. Helburu hori erabilera adierazle bati lotuta egoten da beti eta hori lortzeko ekintzak adosterakoan Ahizeren programen metodologiari erreparatu zaio. Programak ondorengoak dira: erabili, ezagutu, motibatu, erakundetu, komunikatu, finantzatu eta ebaluatu.

Egitasmoaren kudeaketa lana Batzorde batek egiten du. Koordinatzaile batek eta teknikari batek egiten dute dinamizazio lana, baina helburuak eta ekintza, gainontzekoak bezala, erabaki eta gauzatzen dira:

  1. Euskara batzordeak, helburu orokorra eta ekintza nagusiak proposatzen dizkio Zuzendaritzari.
  2. Zuzendaritzak proposamenak aztertu, egokitu eta dokumentu batean jasotzen ditu Patronatuak eztabaidatu eta onartzeko.
  3. Prozesu bakoitzak helburu zehatz eta ekintzen bitartez garatu du Patronatuak onartutakoa. Gauzatuko den Kudeaketa-plan horrek zuzendaritza eta Patronatuaren oniritzia behar du.

2005eko egoera eta lortutako emaitzak

IMHren barnean euskararen erabilera plana martxan jarri zenetik (Goazen egitasmoa) hainbat aurrerapauso eman dira, eta euskararen biziberritze zein kalitatean hobetu da. Hiru urte hauetan lortutako emaitzak handiak izan dira eta euskararen erabileran urrats kuantitatibo eta kualitatiboak eman dira.

Besteak beste 2005eko erabilera eta idatzizkoari dagokion zenbait datuk aditzera ematen digute IMH-en eman diren lorpenen berri.

2003an baino 958 zerbitzu-ordu gehiago eskaitzen ditu euskaraz IMHk, eta hori %12ko igoera da. Are garrantzitsuagoa kontuan badugu 1999an IMHk ez zuela eskaintzen formazio eta zerbitzu ordurik euskaraz, eta 2005ean euskarazko eskaintza jardueraren %24,3an kokatzen dela.

1999an IMHn ez zen eskaintzen formazio eta zerbitzu ordurik euskaraz. 2005ean euskarazko eskaintza %24,3an kokatzen da.

Laneko jardunean euskararen erabilerari dagokionez: 2003an langileen %13ak bi eletan lan egiten zuen eta 2005ean %32ak bi eletan lan egiten du (%19ko igoera eman da). Euskaraz erdaraz baino gehiago lan egiten zutenen kopurua %28an kokatzen zen 2003an eta 2005ean %32 (%4ko igoera eman da). Azkenik, beti euskaraz lan egiten dutenen kopurua 2003an %6koa zen eta 2005an kopurua mantendu egin da.

Laneko jardunean idatzizkoari dagokionez: 2003an langileen %14ak bi eletan lan egiten zuen eta 2005ean %22ak (%8ko igoera eman da). Euskaraz erdaraz baino gehiago lan egiten zutenen kopurua 2003an %16an kokatzen zen eta 2005ean %14ean kokatzen da (%2ko jaitsiera eman da). Azkenik, beti euskaraz lan egiten dutenen kopurua 2003an %3koa zen eta 2005ean %6koa da (%3ko igoera eman da).

2005eko dokumentu laburren %64a euskaraz idatzi dira.

Bestalde kontutan hartu beharrekoak dira ere prozesuz prozesu eman diren lorpenak:

  • 11 makinetan euskaraz egin daiteke lan.
  • LHI : 800 enpresekin harremanak izan dira. Katalogoan euskaraz eskaintzea erabaki da.
  • IMH ingeniaritza: 1.go mailan 3 irakasgai euskaraz ematea erabaki da, irakasgaien %15a. Eta progresiboki urteen buruan portzentaia hau igotzen joango dela erabaki da.
  • HLH: Ulibarrin sartu da eta Euskara zerbitzua indartu da.
  • 19 langilek berariazko formazioa jaso dute.
  • Euskaren Erabilera Sustatzeko Sistema diseinatzeko lanak garatu dira.
  • Itzulpen memoriak martxan jarri dira.

Aurrera begirako erronkak

Bukatzeko, lorpenak kontutan hartzekoak izanik ere, oraindik badago IMHren barnean zer hobetu euskararen normalizazioan aurrerapausoak ematen jarraitzeko. Helburu hau aurrera eramateko asmoz, adostuak ditu eta lantzen ari da 2006ko lan ildo nagusiak:

  • Ahozko/Idatzizko erabilera adierazleetan 5eko igoera ematea.
  • Zerbitzu gehiago eskaini euskaraz: LHI; Ingeniaritza, Incress
  • Kudaketa-plana, Plan estrategikoa eta EFQM memoria bi eletan izatea.
  • Euskararen Erabilera Sustatzeko Sistema (EESS) ezarri eta teknikaria trebatu.
  • Dokumentu luzeak euskaraz 2007-2009 plana.
  • Itzulpen memoriak.
  • Makina-Erremintaren mintegia antolatzea.
  • Berariazko formazioa.

Hori guztia aurrera eramateko ezinbestekoa izango da aurrerantzean ere, IMHren zuzendaritzaren inplikazio zuzena, prozesu desberdinetako arduradunena eta orokorrean langile guztiena. Eskerrak ematea ere, orain arte prozesu hau aurrera eramatea posible egin duten guztioi eta aurrerantzean ere bide horretatik jarrai dezaten animatzen ditugu.

Informazio gehiago Goazenen ekintzei buruz:

30+10 mintegia...

Elayra bisita...