Ingeniariak prestatzea: garrantzitsua denari ekitea
Nire birraitonak burdinola batean egiten zuen lan, eta aitak, galdaragintzan. Nire familiako gehienek herriko industrian egin dute lan, eta herriko eskolako oinarrizko ikasketak baino ez zituzten egin, edo zerbait gehixeago asko jota. Gogoan dut umetan amarekin hitz egiten nuela haren ahaide-kopuru ugariaz. Batzuek izena baino ez zuten, eta beste batzuek, izena eta abizena. Azken horien artean Iñaxio "medikua", Joxe "apaiza" eta Juanito "ingeniaria" zeuden. Hiru horiek ziren amaren lehengusurik garrantzitsuenak, eta haien artean garailearen onespena zuena Juanito "ingeniaria" zen, hain zuzen ere. Herritik atera eta unibertsitatean ikasketak egin zituen, familiak ahalegin ekonomiko handia eginda. Lan on bat lortu zuen Bilboko enpresa handi batean, bai eta familiako gehienek baino maila ekonomiko handiagoa ere. Garai hartan unibertsitatean ikastea oso zaila zen euskal familia askoren ekonomiarako, bai eta irudimenerako ere.
Euskadiko ekonomiak lanpostu asko sortu zituen garai hartan, eta kualifikazio txikiko eta oro har, merkea eskulan ugariri ematen zion lana. Ekonomia dinamikoa zen eta hazkunde-aukera handikoa; eta beraz, langile askok, hartutako esperientzia hutsarekin, enpresa txikiak sor zitzaketen, ahalegin handiak eginda. Hala, gure bailarak eta eskualdeak enpresa txikiz bete ziren, nolabaiteko arrakastaz. Enpresa gehienek ez zuten ingeniariak kontratatu beharrik, edo ez zuten ingeniariak kontratatzeko aukerarik. Zenbait enpresa eratu zirenean pentsa ezin litekeen punturaino hazi dira; esate baterako, Mondragon taldean zenbait langile ziren hasieran, eta berrogeita hamar urtean, 80.000 baino gehiago dira, mundu osoan.
Baina garaiak aldatu egin dira. Euskadiko baliabide natural eskasak agortuta edo ia agortuta daude, eta eskulana garapen bidean dauden herrialde askotakoa baino garestiagoa da. Zer egin behar dugu?
Ezagutza lantzea geratzen zaigu, hori izango baita laster gure enpresetako lehengai bakarra; baliabide guztien moduan, modu iraunkorrean garatu beharreko lehengaia, hau da, I+G kultura bultzatuz. Bestalde, europarrak garenez, ondokoen erronka berberei egin behar diegu aurre, eta beraz, haien antzera bideratu beharko ditugu gure lehengaiak.
- urtean, Europar Batasuna ezagutzan oinarritutako munduko ekonomiarik lehiakorrena eta dinamikoena bihurtzeko helburua finkatu zen Lisboako Agendan. Baina, horretarako, Europak, 2010. urterako, 700.000 ingeniari gehiago beharko lituzkeela kalkulatu da; enpresei zerbitzua emango dieten ingeniariak eta ezagutza lantzea bultzatuko duten ingeniariak, azaleratzen ari diren ekonomia handiekin lehian aritzeko. Izan ere, herrialde horiek, baliabide naturalak eta eskulan merke ugari izateaz gain, ezagutza-arloetan nagusi izan nahi dute, eta lortzen ari dira. Hori gertatzen da, esate baterako, Indian; urtero, 350.000 ingeniari berri prestatzen dituzte, eta zenbait arlotan lehenengoak dira; informazioaren teknologian, esate baterako.
Baina, euskal industriak herrialde horien lehia gogorraren aurrean amore ez emateko, beharrezkoa da gure enpresek balio erantsi bat izatea, ideia eta produktu berrien garapenean oinarrituta, lehiakorrago izateko, inbertsioa erakartzeko eta deslokalizazioaren mamua uxatzeko. Horretarako, ezinbestekoa da I+Gn inbertitzea eta gure enpresak kualifikazio handiko langilez betetzea.
Adieraz dezagun zenbakien bidez. Hurrengo hamarkadarako, euskal industriak 1.500 ingeniari berri beharko ditu gutxienez urtero, eta I+Gn egin beharreko inbertsio publikoak eta pribatuak BPGren % 4raino hazi beharko du, nahitaez. Eta horretan ari gara. Euskal ekonomiak administrazioen, enpresen eta unibertsitateen baterako ahalegina behar du. Koldo Saratxagak, Irizar enpresako koordinatzaile ohiak, duela gutxi zioen moduan, "garrantzitsuari ekin behar zaio, premiazkoari baino". Eta garrantzitsua da ingeniariak, ikertzaileak eta kualifikazio handiko langileak ez izatea salbuespena gure enpresetan, ez eta enpresa txiki eta ertainetan ere; ez daitezela luxua izan, Juanito lehengusua bezala, zati garrantzitsua, beharrezkoa eta ugariena baizik, maila guztietan. Eta horretarako, ingeniariak eta ikertzaileak euskaldunak, txinatarrak edo indiarrak beharko ditugu, euskal industria lehiakorra izan dadin eta munduan iraun dezan. Nire apustua ingeniariak hemen prestatzea da, kalitatezko programak erabiliz, lehiakorrak, punta-puntakoak, enpresek eta enpresetarako pentsatutako programak. Gure unibertsitateetan eta eskoletan prestatzea da nire apustua. Presta ditzagun gure seme-alabak, presta ditzagun gure enpresetako laneko eskeletoa osatuko duten euskal ingeniariak, presta ditzagun euskaldunon izaera sortzailea, ekintzailea eta langilea izaten jarraituko duten pertsonak. Hori da nire apustua, nire helburua. Zalantzarik gabe.