Iñigo Urkullu Lehendakariak Asmaola eraikinaren inaguruazioa burutu zuen IMHren 25. urteurrenean

2016/04/18 23:00:00 GMT+1
IMHren Asmaola eraikin berrian TKgune Fabrikazioa sarearen enpresa txiki eta ertainentzako berrikuntza aplikazio zentroaren jarduera eta Ingeniaritza Dualeko Unibertsitate Eskolako ikasgelak kokatzen dira.

 

Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuak 25. urteurrena ospatu zuen apirilaren 19an, Asmaola eraikin berriaren inaugurazioarekin eta enpresa txiki eta ertainentzako berrikuntza aplikatuaren estrategia berriaren aurkezpenarekin.

IMH25 urteurreneko buletin berezia

(IKUSI ARGAZKIAK:)

2016-4-19 IMH25: Asmaola Inaugurazioa

 

Berrehun lagun bildu zituen ekitaldiak, euskal instituzio eta enpresa ugariren parte hartze eta babesarekin: Iñigo Urkullu Renteria Lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua, Ángel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua, Ane Beitia Arriola Elgoibarko alkatea, Markel Olano Arrese Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko Errektorea, Ainhoa Aizpuru Murua Garapen Ekonomikorako Gipuzkoako Diputatua, Jorge Arévalo Turrillas Lanbide Heziketako Sailburuordea, Confebask, Adegiko, Gipuzkoako Ganberako Presidenteak, Ikaslan Gipuzkoako Presidentea eta abar luzea.

Urteurreneko hitzaldiak (alkatea, diputatu nagusia, IMHko presidentea eta Lehendakaria

Ekitaldia eraikinaren inaugurazioaren aurreskuarekin abiatu zen, Ingeniaritza Dualeko ikasleen eskutik. Ondoren komitibak instalazio berriak bisitatu zituen eta jarraian Alberto Ortueta areto nagusira abiatu zen. Bertan gonbidatuek proiektuko bidelagun izan diren erakundeen ordezkarien hitzak entzun zituzten, eta azkenik gonbidatuek instalazioen bisita egin eta Makina Erremintaren Museoan elkartu ziren.

Orain sei urte hasitako enpresa txiki eta ertainei fabrikazio-prozesuan laguntzeko Asmaola proiektuaren berrikuntza-jarduera hazi egin da urte horietan guztietan eta sarean lan egiten duten lanbide-heziketako 13 ikastetxek ere bat egin dute, egun TKgune Fabrikazioa izena hartuz.

Lehendakariak nabarmendu zuenez Asmaola proiektua Euskadik industriako etorkizuneko erronkei aurre egingo dieten pertsonak trebatu ahal izateko behar duen «lehiakortasunaren triangeluaren» barnean dago. Lehendakariak gogora ekarri zuen Asmaola «bidakide onena» dela berrikuntzari ekin nahi dioten enpresentzat, I+G jardueretan laguntzeko. Azaldu zuenez, zentroak aurrea hartu dio ekoizpen-ereduaren aldaketari, fabrikazio aurreratuaren alde egin zuenez apustu; alegia, teknologia aurreratuko fabrikazioaren alde, eta hori da, lehendakariaren ustean, aldaketaren «funtsezko faktorea».

Elgoibarko alkateak 25. urteurreneko ekitaldia baliatu zuen "ETE guztiak animatzeko, Asmaolak beraien esku ipintzen dituen ikerketa eta berrikuntza zerbitzuak erabili ditzaten". Patronukide den aldetik urte guzti hauetan IMHren bidelagunak ere biziki eskertu zituen eta sustatzaile lanetan jardun zuten enpresarietako bat ere goraipatu zuen, berriki zendu den Jose Zuloaga, alegia.

IMH25urteurreneko ekitaldiaren bideo osoa

Gipuzkoako Diputatu Nagusiak adierazi zuen Asmaolaren abiatzearekin Gipuzkoaren ideia bat, amets bat errealitate bihurtu dela, zeren eta ezagutzarekin kontektatzeko eta proiektu berritzaileak abiatzeko arazoak zituzten enpresa txiki eta ertainentzako soluzioa baita".

Bestalde, IMHko Presidente eta aldi berean AFMren Zuzendari Nagusia den Xabier Ortueta Mendiak adierazi zuen, "orain baliabide mugatuak dituzten enpresek martxan jar ditzakete beharrezkoak dituzten ikerketak".  Ortuetak azpimarratu zuen institutuak bere ibilbide luzean izandako bilakaera "hezkuntza zentro integrala bihurtu da, hau da, ikasleek behetik gorainoko prestakuntza osatua egin dezakete IMHn.

Horrez gain, gaineratu zuen IMH, urteko 4,5 miloiko aurrekontua kudeatzen duen zentro honek, "langile eta langabeak berziklatzeko aukera eskaintzen du, Lanbide Heziketatik Unibertsitaterako transizioa bideratzen du, eta tarteka prestakuntza-metodologien laborategi funtzioak egiten ditu (PBL...).

Edonola, Xabier Ortuetaren iritziz IMHren "balio diferentziala" da beste inork ipintzen ez dituen ideiak mahai gainera ekartzeko gaitasuna.

Bere hitzetan "ekimen singularrez betetako zentroa da eta ideia hauek dira, hain zuzen, IMH bilakatu eta eraldatu dutenak, Lanbide Heziketako ikastetxea baino askoz gehiago izatera iritsi arte."

Ortuetarentzat, Makina Erremintaren Institutua "auto izatetik hegazkina izatera pasa da" eta orain hegan egin arazi behar zaio, eta hori da aurre egin behar diogun erronketako bat.

Lehendakariak ere aditzera eman zuen "Eusko Jaurlaritzak lanean jarraitzen du prestakuntza-, berrikuntza- eta enpresa-arloetan laguntzeko. Izan ere, Euskadiko 700 enpresari buruz orain gutxi egindako azterlan baten arabera, hiru enpresatik bik aurten kontratazioren bat egitea aurreikusten dute, eta ia erdiek lanbide-heziketako ziklo espezializatuetara joko dute".

Horrenbestez, lehendakariak "elkarlanean" jarraitzeko deia egin zuen, aurrerapauso gehiago emateko, lehiakortasuna areagotzeko eta enplegua sortzeko. Urkulluk gogora ekarri du Euskadiko Industria Klimaren adierazleak balio positiboa izan duela lehen hiruhilekoan 2008az geroztik lehen aldiz. Halaber, iaz, Industria Ekoizpenaren adierazlea % 3,5 hazi zen; aurtengo urtarrilean eta otsailean, aldiz, % 5 baino gehiago.