Makina Erremintaren Institutuak 2015era arte gauzatuko duen Hizkuntza Politika aurkeztu du
IMHko Hizkuntza Politikaren aurkezpen ekitaldiari hasiera emateko, Marivi Aguirregomezcortak, Elgoibarko alkateak, hartu zuen hitza. Bere esanetan, "Udalak IMHren sorreran parte hartu zuen eta ematen dituen aurrerapausoetan lekuko eta babesle da, jakin baitaki, ikastetxe berritzaile honek duen eragina garrantzitsua dela hezkuntza eta enpresa arloetan. Oraingoan, euskarari ere bultzada emateko erabakia hartu du IMHk, eta horretan ere, Udala izango du bidelagun".
Makina Erremintaren Institutuko arduradunen esanetan "erronka handia dugu eskuartean, baina iparra beti begien aurrean izanik, helburuaren alde egingo dugu lan aurrerantzean". Egia esan, ez da gauza makala IMHk lortu nahi duen erronka. Izan ere, Goazen egitasmoaren bitartez garatuko den hizkuntza politika berriaren helburuak ikastetxearen arlo guztietan gauzatzeko asmoa dute. Edurne Bilbao berak esandakoari kasu eginez, "Goazen egitasmoaren bitartez ondorengoa lortu nahi dugu: euskara oinarrizko hizkuntza izan dadila lanean, produktuetan, eta barne eta kanpoko harremanetan, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, beti ere, inguruaren errealitatearekin eta bezero bakoitzaren beharrekin bat datorren eskaintza malgua sustatuz eta erakunde barruko baloreak errespetatuz".
Bestalde, Hizkuntza Politikaren dokumentuan Goazen euskara egitasmoak kontuan izango dituen baloreak ezagutarazi zituzten IMHko arduradunek. Euren esanetan, "bertan, IMHk hizkuntzen trataerari dagokionean adostutako misioa eta ildo estrategikoak agertzen dira, Fundazioaren Plan Estrategikoan txertatuko direnak, eta berean, hamar urte barru (2015) erakundeak bere burua nola ikusten duen deskribatu dugu, urtez urte, eta plan hori izango da helburuak zehazten lagunduko digun iparrorratza".