Nola eragin haur eta nerabeek euskaraz egin dezaten?
Zer egin dezakegu Elgoibarko eta Euskal Herriko haurrek eta nerabeek euskaraz gehiago egin dezaten? Euskararen erabileraren gaineko kezka ez da berria gure herrian. Euskaraz dakiten haurren eta nerabeen portzentajeek etengabe gora egiten badute ere, erabilera-datuekin ez da gauza bera gertatzen. Desoreka nabarmena dago dakiten eta egiten dutenaren artean.
Elgoibarko Izarrak, Udalak eta herriko ikastetxeek, beste elkarte eta eragile batzuekin batera, urte asko daramatzagu lanean herriko haurrek eta nerabeek euskaraz gehiago egin dezaten. Haien hizkuntza-ohituretan eragitea da gure helburua, baina horretarako estrategia argiak behar ditugu. Estrategia horiek finkatzen hasteko prestatu dugu azaroko jardunaldia.
Azaroaren 28ko jardunaldian eskola orduz kanpoko jardueretan zentratuko gara, batez ere, eta haurrekin eta nerabeekin lotura zuzena duten sektore batzuk aukeratu ditugu; sektore horietatik zer egin daitekeen aztertuko dugu. Zein da Udalen zeregina haur eta nerabeek euskaraz gehiago egin dezaten? Zer egin daiteke kirol elkarteetatik? Zer egin daiteke kulturaren mundutik? Zein da gurasoen papera seme-alabak euskalduntzeko prozesuan? Sektore bakoitzari aditu batek helduko dio, eta orain arteko lanari segida emateko klabe batzuk jasotzea da antolatzaileon helburua.
Ez dugu jardunaldia adituentzat edo teknikarientzat bakarrik prestatu. Haurrekin eta nerabeekin harremanetan dauden agente eta eragile guztiak izan ditugu kontuan, eta denak gonbidatu nahi ditugu: kirol elkarteak, kultur elkarteak, guraso elkarteak, ikastetxeak, euskara-teknikariak … Izan ere, haurren eta gazteen hizkuntza-ohiturak ez dira berez sortzen edo aldatzen, eta denoi komeni zaigula jakitea zer egin dezakegun etorkizuneko haurrak eta nerabeak euskaraz bizi daitezen.