Txandakako ingeniarien 7. promozioaren diploma-banaketa: Euskal Gizarteak IMH Ingeniaritza Eskolako modukoak behar dituela azpimarratu zuen Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik
Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik, Gipuzkoako Aldun Nagusiak, presiditutako ekitaldian Joxean Egaña IMH zuzendari-gerenteak, Alberto Ortueta AFMko zuzendari nagusi eta IMH Fundazioko lehendakariak, Marivi Aguirregomezcorta Elgoibarko alkateak eta Bruno Leger CESIren ordezkariak parte hartu zuten. Ekitaldian diploma hartzaileez gain, 18 ingeniari guztira, ikaskideak, familiartekoak, enpresetako tutoreak, irakasleak eta IMHko arduradunak izan ziren.
Ekitaldian hitza hartu zutenak azpimarratu zuten hiru urtetan zehar ingeniari berriek eginiko ahalegina lana eta ikasketa uztartu behar izanarekin. Alabaina, azpimarratu zieten gainerako ingeniari gazteen aurrean bazituztela abantaila nagusi bi: enpresaren egunerokotasuna gertutik ezagutzea eta proiektu baten arabera lan egiteko gaitasuna eskuratu izana. Jon Oregik, ikaskideen izenean hitz eginez, azpimarratu zituen, batetik, egunerokotasunak sortutako arazoei aurre egiteko talde-lanaren garrantzia eta, bestetik, ikasketa-prozesuaren parte moduan atzerriko enpresa batean 12 aste lanean aritu behar izanak beste kultura batzuei buruz eman die ikuspegi aberasgarria.
Ekitaldia Joxe Joan Gonzalez de Txabarriren hitzaldiak itxi zuen. Aldun Nagusiak azpimarratu zuen Estatuko unibertsitate-sistemaren eredua Europan bakarra izateaz gain, inork kopiatu nahi duela eta zurrunegia dela. Halaber, IMH Ingeniaritza Eskolako txandakako eredua goraipatu zuen eta erantsi zuen euskal gizarteak enpresari eta eguneroko errealitateari lotutako IMHren ereduaren modukoak behar dituela profesionalak trebatzeko.
Ekitaldiaren bukaeran bertaratutakoek mokadu bat hartu zuten elkarrekin.