Finlandiako Vamia eskolako bi irakasleren bisita jaso dugu

2025/04/10 14:23:00 GMT+2

Finlandiako Vaasa hiriko Vamia Lanbide Heziketako eskolako bi irakasle IMH Campusen izan dira bisitan aste batez. Kari Paajanen mekatronika arloko aditua da eta Marko Haikonen galdaragintzan eta materialetan espezializatua. Bisita honek aukera paregabea eskaini du bi ikastetxeen arteko harremanak sendotzeko eta etorkizuneko elkarlan bide berriak zabaltzeko.

Kari Paajanenekin urteetako harremana dugu, eta oraingoan ere informazio teknikoa partekatu dugu: apunteak, ariketak eta mantentze-jarraibideak, gure tailerreko makinen antzekoak dituztelako. Marko Haikonenek, bere aldetik, materialekin eta galdaragintzarekin lotutako ezagutzak partekatu ditu.

Bisitan zehar, IMHko arlo guztiak ezagutu dituzte, baina bereziki mekatronikako departamentuan egon dira denbora gehien, gure erronken eta lan egiteko moduaren berri jasotzen. Horrez gain, inguruko ikastetxe eta enpresa batzuk bisitatzeko aukera izan dute.

Tknika bisitak ere arrasto berezia utzi die: ez soilik lantzen diren teknologiei begira, baita erakundeak berak duen funtzionamendu eta antolaketagatik ere.

Bisitaren ondorioak oso positiboak izan dira. Irakasle zein ikasleentzat esperientzia aberasgarria izan da, eta ikastetxeen arteko harremanak sendotzeko eta eleaniztasuna sustatzeko bidea eman du. Etorkizunera begira, ikasleen praktikaldietarako trukaketak, irakasleen arteko lankidetza eta proiektu bateratuak egiteko aukera aztertzen ari gara.