Worldskills London 2011: Azken txanpa Larraitz eta Juanentzat

2011/10/06 23:00:00 GMT+1
Larraitz Uranga IMHko ikasleak gazi-gozoak bizi izan ditu Londoneko lanbide heziketako olinpiadetan, eta dagoeneko amaitu ditu CNC Fresatzeko probak. Bestalde Juan Munin IMHko irakaslearentzat larunbata izango da probak zuzentzeko azken eguna.

 

Larraitzen eboluzioa

Urriaren 6an, txapelketaren bigarren egunean eta Larraitzen beraren urtegunean, hobeto erantzun zuen lehiaketa honek dituen hiru probetako bigarrenari. Nahiz eta gorabeherak izan zituen programazioarekin, sentsazio onak izan zituen eta mekanizazioan konfiantza berreskuratu zuen. Gaur goizean Larraitzen hobetzen jarraitzen zuen eta Mundu mailako lanbide heziketako olinpiadako ariketarik onena egiteko prest zegoenean, mekanizatzen ziharduela, programak erru batzuk sortarazi ditu, eta denbora geldituta, mastercam-eko teknikariak eta makinakoak zuzendu egin behar izan dituzte. Bitartean Larraitz urduri zebilen teknikari hauen inguruan, azkenik soluzioarekin topo egin duten arte. Ondorioz, arratsaldeko 3etan amaitu du proba, sentsazio gazi-gozoarekin. Proba amaitu eta bertan zeuden euskal jarraitzaileen txalo zaparradarekin, bere lehiakideak ikusteko parada izan du.

 

Excel Azoka bizi-bizirik

Olinpiaden oihartzunari begira, hainbat ekitaldi daude programatuta lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleentzat. Milaka parte hartu, galdetu eta dibertitzen dira pabilioi eta stand-etan. Baita ere aipatu lanbide heziketako ikastetxeen erakustaldia, ongi hornitutako informazio, animazio eta pertsonal dinamizatzaileekin.

 

Topaketa hunkigarria Ballymena-koekin

Eguneko topaketa izan da: Joxean Egañak ondoan zituen Ballymenako Mekanikako Zuzendaria eta Nazioarteko programen arduradun Claire ezagutu dituenean. Erresuma batua ordezkatzen zegoen bere ikasle David Nichollen lana ikusten zeuden, gure Larraitz Uranga ikaslearen ondoan, hain zuzen. Hunkigarria izan da haiek berriz ikustea!

 

Juan Munin, gure aditu parte hartzailea

Madrilen bezala, eta oraingoan komunikazio zailtasunak medio, Juanek lehiaketan dihardu hasieratik amaiera arte probak zuzentzen, meritu handidun amaigabeko jardunaldiak eginez. Kontzentrazio handiko lana, Londoneko turismotik urrun.

 

Itxiera

Igandean izango da olinpiaden itxiera ekitaldia Londoneko O2Arenan. Ikustekoa izango da eta beti ere animatzen egongo gara: aupa Larraitz!