Irteera profesionalak xehetasunean
Prozesu eta Produktuen Berrikuntzan Ingeniaritzako Gradua diziplina anitzeko ingeniaritza da. Enpresa industrial batean gauzatzen diren eginkizunekin lotutako era askotako espezialitateak sartzen dira haren baitan; esate baterako, eginkizun tekniko eta komertzialak eta kudeaketa-eginkizunak. Graduan edukien eta metodologien ikuspegitik oinarrizko prestakuntza sendoa ematen denez, lan-bizitza osoan jakintza eguneratzen jarraitzeko oinarriak ezartzen ditu. Beste batzuen artean, honako diziplina hauek lantzen dira:
- Elektroteknia, mekanika aplikatua, termodinamika.
- Elektronika orokorra, automatizazio industriala eta kontrola.
- Materialen zientzia, jariakinen mekanika, mekanismoak eta bibrazio mekanikoak.
- Ekonomia eta enpresen administrazioa.
- Egituren teoria, motor termikoak eta fabrikazio- eta makina-teknologia.
- Pneumatika eta hidraulika.
- Ekoizpenaren eta kalitatearen kudeaketa.
Ingeniaritza-lanbideak esparru oso zabala eta anitza hartzen du barnean, eta oso zaila da ingeniari batek gauza ditzakeen eginkizun guztiak aipatzea. Eginkizun nagusiak laburbiltzen saiatuko gara:
Diseinua eta garapena
Diseinua eta garapena estuki lotuta daudenez elkarri, normalean ez dira definizio bereiziak ematen bakoitzarentzat. Praktikan, diseinu hitzak proiektu baten hasierako etapei egiten die erreferentzia; etapa horietan, proiektua gauzatzeko erabil daitezkeen metodoak aztertzen, alderatzen eta probatzen dira. Garapen hitzak proiektuaren hurrengo faseei egiten die erreferentzia; behin zer metodori jarraituko zaion erabaki denean, gauzak egiteko modu zehatzak eta osagaien arteko erlazioak finkatu behar dira. Ikusten den eran, definizio horietan ez dira hitzak garbi bereizten, oro har, proiektu baten garapena ez baita inondik ere lineala izaten. Normalean, enpresek I+G (Ikerketa + Garapena) sailetan biltzen dituzte eginkizun horiek.
Fabrikazioa
Oro har, fabrikazio-ingeniaria izaten da produktuaren arduradun. Horrek esan nahi du, fabrikazio-prozesuetan ezinbestean agertzen diren arazo guztiak ebazteaz gainera, produkzio-metodoak, tresnak eta makinak garatzeaz eta hobetzeaz ere arduratu behar duela. Kalitate-kontrola eta ekoizpen-langileen zuzendaritza ere fabrikazioaren alorreko atalak dira. Instalazioko ingeniaria, bere aldetik, ekoizpen-prozesurako behar diren instalazioez arduratzen da.
Teknikari komertziala
Ikasle gutxik pentsatzen dute ingeniaritza-ikasketek karrera komertzial batera bideratuko dituztela, baina, egia esan, horrela izaten da askotan, enpresari ugarik ingeniariak kontratatzen baitituzte lan horietarako.
Salmenta-ingeniariak komertzial-lanen eta ingeniaritzaren arteko eginkizunak betetzen ditu, normalean diseinutik hurbil. Bezeroentzat neurrira egindako produktuak ekoizten eta merkaturatzen dituzten enpresetan sortzen dira batez ere horrelako postuak; hortaz, ingeniaria funtsean salmentaz arduratzen bada ere, diseinuan ere parte hartu behar du bezeroen beharrak asetzeko, eta bezeroarekin lan egin behar du behar horiek zein diren jakiteko.
Administrazioa
Ingeniari ugarik lan egiten dute Herri Administrazioarentzat, eta, ziurrenik, industria pribatuan lan egiten duten ingeniarien antzeko egoeretan. Edonola ere, administrazioaren alorreko arlo ugari ez dira egoten industria pribatuaren esparruan, hala nola garraioarekin, industriarekin eta obra publikoekin lotutako politikak finkatzea edo araudi espezifikoak sortzea. Ingeniariek nazio baten gobernantzan duten papera gero eta aitortuago dago, herrialdearen etorkizunerako berebiziko garrantzia izango duten erabaki asko ohar teknikoetan oinarritzen baitira.
Kudeaketa
Estatistikek erakusten dutenez, ingeniari askok kudeaketa-lanak egiten bukatzen dute lehenago edo beranduago. Datu batzuek diote 30 eta 40 urte bitarteko ingeniarien ehuneko 40k kudeaketa-lanak egiten dituela, eta ehuneko hori ehuneko 60ra arte igotzen dela 40 eta 50 urte bitarteko ingeniarien artean. Bistakoa denez eginkizun horietako gehienak funtsean teknikoak badira ere, beste asko zuzendaritza orokorrarekin lotutakoak dira.
Irakaskuntza
Ingeniari batzuek irakaskuntzan lan egiten dute.